Gasteizko apezpikua Martxoak 3ko biktimei buruz: “Tentsioa dago, azal garratzekoak dira”

  • Hainbat atzerapen jasan dituen Martxoak 3 Memoriagunearen proiektuaz hitz egin du Juan Carlos Elizalde Gasteizko apezpikuak. Eliza Katolikoaren jarrera defendatu du, kexu agertu da herritarren eta erakundeen “esker onik” ez duelako jaso, eta Martxoak 3 eta Memoria Gara elkarteak kritikatu ditu.

eitb

2026ko urtarrilaren 19an - 11:46
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Igandean egin ditu adierazpenak Elizaldek, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Martxoak 3 Memoriagunea Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan egitea dago aurreikusita, bertatik atera zituen indarrez Poliziak grebalariak 1976ko martxoaren 3an, bost hildako eta ehunka zauritu eraginez. Urte hasieran inauguratzea zen helburua, Gasteiz astindu zuen greba mugimenduaren 50. urteurrenaren testuinguruan. Baina atzeratu egin da, besteak beste, hainbat arazo egon direlako elizaren lagapenean, konponketan, edo huste prozesuan.

“Herritarrek eta erakundeek ez digute esker onik adierazi San Frantzisko eliza Martxoak 3 Memorialaren esku uzteagatik”, izan dira Elizalderen kexuzko lehen hitzak gaiagatik galdetu diotenean. “Hor, kontzientzia onak salbatzen zaitu”, jarraitu du, Elizak egin duen lagapena azpimarratuta.

“Geldotasun ikaragarria egon da kontu administratiboekin”, adierazi du apezpikuak memorialaren atzerapenaz. Azaroan Gogora institutuko zuzendari Alberto Alonsok Gasteizko Apezpikutza egin zuen, ordea, atzerapenaren arduradun zuzen. Elizak zioen San Frantzisko eliza Gabonetako jaiotzen erakustoki gisa erabiltzen zuela, eta ez zuela jaiotza horiek gordetzeko beste tokirik. Alonsoren arabera, erakundeek hainbat alternatiba eskaini zizkioten. “Ezin gara hemen inoren kapritxoan ibili”, adierazi zuen, eta bere “pazientziaren mugara” heltzen ari zela ohartarazi.

Elkarte herritarren aurkako hitzak

Memorialaren ardura patronatu baten esku dago, bertan daude ordezkatuta Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia, Gasteizko Udala, Gasteizko Apezpikutza, eta Martxoak 3 eta Memoria Gara elkarteak. Azken bi elkarteak propio kritikatu ditu gotzainak: “Tentsioa dago biktimen elkarteekin, egia esan azal garratzekoak dira, zaila da patronatu lasai batean lan egitea, eta horrek guztia zailtzen du”. Memoriala aurtengo martxoaren 3ko oroimen ekitaldietarako irekita ez egotea “anekdotikoa” dela adierazi du. “Ni argian zentratzen naiz, argia da hainbeste denboraren ostean jada patronatu bat dagoela, jada proiektu bat dago, eta urratsak ematen ari dira”. Martxoak 3 elkarteak, bere aldetik, hainbat aldiz kritikatu du patronatuan gainontzeko erakundeak saiatzen ari direla bi elkarte herritarrak baztertzen, proiektua atzeratzen eta edukiz husten. Bi elkarteei jakinarazi gabe patronatuaren bilera egitera ere heldu dira.

Bi urte direla egin zuten memorialaren osaera argazki ofiziala, kide diren elkarte eta erakundeek, eta Nerea Martínez Martxoak 3 elkarteko presidentea elkarrizketatu zuen ARGIAk. Honako hau adierazi zuen, besteak beste: “Hamasei ordezkari ditu patronatuak (Eusko Jaurlaritzak hiru, Arabako Foru Aldundiak hiru, Gasteizko Udalak hiru, Apezpikutzak hiru, Martxoak 3 elkarteak bi eta Memoria Garak bi). Hau da, egungo egoera instituzionalaren arabera PNV-PSOEko bederatzi kargu publiko daude eta apezpikutzak biktimen elkarteak baino ordezkari gehiago ditu. Indar korrelazio horrek ez du bat egiten, inondik inora, azken hamarkadetan martxoaren 3ko memoria bizirik mantendu duen errealitatearekin. Aritmetika horrekin erakundeen gehiengoak kudeaketa eredua, diseinua eta edukiak inposatzeko aukera du. Baina asko okertuko lirateke Martxoak 3 elkartearen eta Memoria Gararen gainetik arrabola pasatzen saiatuko balira, gu gabe proiektua ez baita bideragarria”.


1976ko martxoaren 3a kanalean gehiago
2026ko otsailaren 25
Bost emakumeren testigantzak
M3ko sarraskia eliza barrutik

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.