Iñaki Kerejazuk gogoan izan zituen duela 50 urteko sarraskiaren biktimak Gasteizko jaien hasierako diskurtsoan. Maider Etxebarriak “politika eta jaiak nahastu” izana leporatu dio, baina handik ordu batzuetara gibelera egin du, eta babesa adierazi dio Kerejazuri, baita Martxoaren 3ko biktimei ere.
“Gure aitona-amonengatik, duela 50 urte duintasuna zer den erakutsi zigutelako. Gora Martxoaren 3a!”. Aldarri hori egin zuen abuztuaren 4an Iñaki Kerejazuk, Zeledon gorpuzten duen gasteiztarrak, Andre Maria Zuriaren jaietako txupinazoaren bukaeran. Baina Gasteizko alkate Maider Etxebarriak (PSE-EE) ez zuen mezu hori, hasieran behintzat, begi onez ikusi. Izan ere, jaien balorazioa egiteko asteleheneko prentsaurrekoan Etxebarriak adierazi zuen “politika ez dela jaiekin nahastu behar”. Hasiera batean aipatu ez arren, kazetariek galdetu ostean alkateak baieztatu zuen bere mezua herriko jaietako zaindariari zuzenduta zegoela.
Handik ordu gutxira, ordea, gibelera egin du Etxeberriak X sare sozialean zabaldutako mezu baten bidez. Abuztu betean egonagatik ere, “azelerazio politikoari eta nekeari” egotzi dio bere adierazpenek eragindako “gaizki ulertua”: “Ez naiz egoki aritu Zeledonek Martxoaren 3ari buruz esandakoen inguruan galdetu didatenean, pankartekin eta banderekin zerikusia duten polemikekin batzuek festen inguruan egiten duten politizazioa aipatu baitut”.
Horrez gain, Kerejazuri “barkamena” eskatu diola jakinarazi du alkateak, eta “elkartasun osoa” ere adierazi die Zeledoni eta Martxoaren 3ko biktimei: “Nire asmoa ez da, inondik inora ere, tragedia haren oroimen kolektiboa zikintzea, eta are gutxiago 50. urteurrenean”.
Hain justu, mende erdi igaro da aurten Gasteizko Zaramaga auzoan langile protesta batean parte hartu zutenen aurkako karga batean Espainiako Poliziak bortz langile tiroz hil zituenetik. Martxoaren 3ko ekitaldietan zeinu politiko anitzetako pertsonek parte hartu dute, Etxeberriak barne. Orain paradoxikoa dirudien arren, duela bortz hilabete eskas “memoria ez da inorena” esaldiarekin amaitu zuen alkateak bere mintzaldia.
Are gehiago, azpimarratu zuen “intolerantziak mundu mailan lekua irabazi duen mundu batean”, garrantzitsua dela gogoratzea eskubide demokratikoak ez direla “zerutik erori”, baizik eta “konkista bat” izan direla: “Gogotik lan eginda irabazitako askatasun sistema bat, frankismoaren aurrean amore eman ez zutenei bizia ere kostatu ziena”.
Hortaz, astelehen honetan errandakoak talka egiten du orain arte erakutsitako jarrerarekin. EAJren Eusko Legebiltzarreko bozeramaile Joseba Diez Antustegiri ere “ulergaitzak” zaizkio alkatearen adierazpenak. Halaber, zehaztu du Zeledonek egindakoa ez dela izan politika eta besta nahastea, “hiri honen balioak egoki ematea” baizik.
Izan ere, aurtengo jaiak sarraskia gogoratzeko eszenatoki berezia izan dira. Abuztuaren 6an, erraterako, Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteak kontzentrazioa antolatu zuen Katedral Berrian, 1976ko “ez jaiak” gogoratzeko. Orduko Zeledonek, Jose Luis Isasik, San Migeleko dorretik ez jaistea erabaki zuen, hilabete batzuk lehenago gertatutakoagatik.
Gaur egungo Zeledonek ere keinu berezia eduki du elkartearekin, bestetarako atera duen zapi oroigarriaren aurkezpenean parte hartu baitu, astelehenean alkatearen adierazpenek polemika sortu baino egun batzuk lehenago.
Gainerakoan, jaien inguruko balorazio "oso positiboa" egin dute alkateak eta EAJko Kulturako zinegotzi Sonia Díaz de Corcuerak. Jaiak “ezin hobeak, ia borobilak» izan direla adierazi du Etxebarriak, parte hartze “handia” egon baita, eta "delituak ez baitira ugaritu". Sexu eraso “larririk” egon ez izana ere azpimarratu du alkateak.