Gasteizko Alde Zaharreko etxebizitza-sareak turistifikazioari aurre egitera deitu du

  • ARGIAk eta Kutxikotxotxikitxutik blogak argitaratutako ikerketak “etxebizitza turistikoen lobbyaren jarduteko modua” eta udalaren jarrera “konplize eta arduragabea” agerian utzi dituela salatu du Gasteizko Alde Zaharreko Auzoan Bizi etxebizitza-sareak. “Auzodefentsa” antolatzera deitu dute.


2021eko ekainaren 16an - 09:42
Azken eguneraketa: 11:55
Auzoan Bizi sarearen aurreko prentsaurreko bat. Argazkia: Auzoan Bizi.

“Gasteizko etxebizitza turistikoen sektoreko lobbyak nola funtzionatzen duen jakin ahal izan dugu, eta nola mugitzen dituzten hariak bi protagonistek, Pilar Perosanzek eta Gustavo Antépara Benitok, Arabaturren bidez (Arabako Ostatu Turistikoen Elkartea) euren mesederako”, salatu du Auzon Bizik, ARGIAk eta Kutxikotxotxikitxutik blogak elkarlanean egin eta argitaratutako ikerketari aipamena eginez. Gogorarazi dute Arabaturrek etxebizitzen erabilera turistikoa sustatzeko alegazioa aurkeztu zuela udalean, araudia aldatzea eskatuz, eta EAJ-PSE Udal Gobernuak partzialki onartu zuela. Bizilagunek 136 alegazio aurkeztu zituzten erabakiaren aurka, eta erantzunaren zain daude auzokideak.

Udalaren esanak eta eginak

Udalak oraindik bizilagunen alegazioei erantzunik eman ez badie ere, baikor zen Auzoan Bizi: “Bazirudien udalaren jarrera auzoaren beharren aldekoa zela”. Izan ere, bilera batean Lurraldearen eta Klimaren Aldeko Ekintzarako zinegotzi Ana Oregik bizilagunei ziurtatu zien udalak atzera egingo zuela etxebizitzen erabilera turistikoa errazteko erabakian, udalak berak sustatu duen “teknikari-herritarren mahaian gaia baloratu arte”. Horrez gain, “auzokide batek egindako galderari erantzutean onartu egin zituen alegazio testuetan [etxebizitzen turistifikazioaren aurka] aipatzen ziren argudioak”. Turistifikazioak etxebizitzen prezioa igotzen duela, gentrifikazioa bultzatzen duela edo sare komunitarioak apurtzen dituela argudiatu zuten bizilagunek alegazioetan, besteak beste.

Bi aste direla argitaratutako informazioak, aldiz, errealitatea bestelakoa dela frogatu du, Auzoan Biziren esanetan: “Gutxi batzuen interes indibiduala Alde Zaharra auzokideen interesen gainetik turistifikatzeko; egungo araudia ez betetzeaz gain, berau aldatu egin nahi dute espabilatu batzuek beren pribilegioak erabiliz, erabaki-organoetan zuzenean parte hartuz; eta udalaren jarrera konplize eta arduragabea egitura hori guztia babestuz eta esanez etxebizitza turistikoen liberalizazioa geldiaraziko duela, egungo arau hausteen aurrean geldirik dagoen bitartean”.

Antolaketa, mobilizazioa eta “auzodefentsa”-ren beharra aldarrikatu ditu Auzoan Bizik, “auzoa gutxi batzuen negozioa izan ez dadin auzokideen beharren kontura.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Politika
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Eguneraketa berriak daude