PERI berria adostu dute Udal Gobernuak eta PPk. Testuak 35 hotel berri eraikitzeko aukera emango du. Horrez gain, etxebizitza eta jarduera ekonomikoa uztartzen dituzten “lantegi etxebizitzak” baimenduko dira eraikinetako beheko solairuetan.
Erdi Aroko Hirigunearen Birgaitze Integraturako Plan Berezi berria (PERI) adostu dute PSE eta EAJren Udal Gobernuak eta PP alderdiak. PERIa auzoan zer obra eta erabilera baimentzen diren eta nola egin behar diren finkatzen duen araudia da, eta tramitazioan egon da azkenengo bi urteetan. Udal Gobernuak PPk proposatutako aldaketak onartu ditu, dokumentuak aurrera jarrai dezan. Hala ere, planaren behin betiko onarpena egiteke dago oraindik.
Onartutako neurrien artean, ostatu kopurua zehaztu dute alderdi politikoek. Guztira, 35 ostatu eraiki ahal izango dira Gasteizko Erdi Aroko Hirigunean. Auzoa hiru zonaldetan banatu dute:
– Iparraldea, Kubo kaletik Santa Maria kantoiraino: zortzi eta hamabi ostatu artean.
– Erdialdea, Santa Maria eta San Frantzisko kantoien artean: lau eta zortzi ostatu artean.
– Hegoaldea, San Frantzisko kantoitik Andre Maria Zuriaren plazaraino: hamahiru eta hogei ostatu artean.
Testu berriak bestelako aldaketa batzuk ere jasotzen ditu. Adibidez,“lantegi etxebizitzak” baimenduko ditu Alde Zaharreko etxabeetan. PPren ekimenez, etxebizitza bat eta jarduera ekonomiko bat uztartzen dituzten espazioak baimenduko dira, betiere araudiak eskatzen dituen baldintzak betetzen badira.
Ostalaritza establezimenduek auzoko beste lokal batera aldatzeko aukera ere izango dute PERI berriari esker, baldin eta egun dauden lokalak ez baditu betetzen intsonorizazio eta irisgarritasun baldintzak. Neurri honek ez du aldatuko auzoko tabernen lizentzia kopurua.