Sindikatuen ordezkariak pozik agertu dira M17ko greba orokorrak Gasteizen izan duen oihartzunarekin. Patronalak eta gobernuek itxitzat eman nahi duten 1.500 euroko gutxieneko soldataren aldarrikapena grebak berriz ere ireki duela nabarmendu dute, eta proposamen “justu eta egingarria” dela azpimarratu.
Goizaldeko piketeak eta manifestazio nagusiaren aurretik Gasteizko auzoak zeharkatu dituzten hiru zutabeak ez dira oso jendetsuak izan, baina eguneko hitzordu nagusiak lepo bete ditu erdiguneko kaleak. 12:30ean abiatu da manifestazioa Bilbo plazatik, sindikatuetako ordezkariek zeramaten pankartak bidea zabaltzen zuela. Bakea etorbide zabalean baieztatu ahal izan da milaka eta milaka herritar batu direla deialdira. Datu parea: Garako kazetari Ion Salgado ilarak zenbatzen aritu da, eta 10.000 pertsona inguruko estimazioa egin duela azaldu dio kazetari honi; Bakea etorbidean manifestazioaren burua igaro denetik amaiera pasatu arte, 22 minutu joan dira.
Gutxieneko soldata hemen erabaki, zioen hasierako pankartak, baina beste hamaika ere irakurri ahal izan dira: greban dauden Arabako esku-hartze sozialeko langileena, Saltoki enpresakoena, Gaurko borroka biharko ogia leloduna, edo manifestazioa ixten zuen pentsionisten mugimenduko kideek zeramatena, Palestinako ikurra lagun: Gutxieneko pentsioa=LGS. Oihuak ere, hamaika: “Hemen lan egin, hemen erabaki”, “Gutxieneko soldata, hemen erabaki”, “Gora, gora, gora, langileon borroka”, “Gaur, greba orokorra”, “Gastu militarra ospitale eta eskoletarako”, “Borroka da bide bakarra”...
Sindikatuek balorazio positiboa
Mobilizazioa irekitzen zuen pankarta zeramaten sindikatuetako ordezkarien balorazioa jaso du ARGIAk ibilbidean bertan. LABeko Oihana Lopetegik adierazi du greba Gasteizen “langileen garaipen argia” izan dela: “Argi utzi dugu badagoela alternatiba, munduan gerra eta zapalkuntza nagusitzen ari den honetan”. Eremu publikoan oro har eta hezkuntza bereziki grebak izan duen jarraipena azpimarratu du, zenbait gizarte etxe, eskola eta haurreskola itxi dituztela nabarmenduta.
ELAko Irati Bañuelosek “lehen ordutik langileek piketeetan bat egin” dutela azpimarratu du, “bereziki Mercedesen” –hain zuen ere LABek salatu du Gasteizko enpresa handienak gutun pertsonalizatua bidali diela bere milaka langileei, grebarekin bat egin ez zezaten–. “Hemen gaude patronalak eta alderdi politikoek bizkar eman dietelako gure aldarrikapenei”, salatu du, eta biei exijitu die gaurko grebaren ostean “aintzat hartzea langileen ahotsa”.
Steilaseko Aintzane Gilek grebaren “balorazio positiboa” egin du, “jarraipena oso zabala” izan delako. “Gutako askoren soldatak 1.500 euro baino altuagoak dira, baina hezkuntza komunitatean hortik behera dauden soldata asko dago: ikasleen familiak, langile jakin batzuena... gizarte justuagoa eraikitzeko beharrezkoa da greba hau”.
“Borroka hau irabazi dezakegu”
Manifestariek Andra Maria plaza bete dute, bertan amaitu da mobilizazioa, sindikatuen hitzartzearekin. Steilaseko Gil izan da hitza hartzen lehena. Bertaratutakoei zorionak emanez hasi du bere hitzartzea: “Kristoren jarraipena izan du grebak, bereziki hezkuntzan”. Salatu du azken urteotan gora ari direla etxebitzaren prezioa, elikagaiena, energiarena... eta baita enpresarien etekinak ere. Horrek guztiak “langileen arteko arrakalak” areagotzen dituela azaldu du, eta kaltetuenak emakumeak eta gazteak direla. Hezkuntza komunitatea eta gizartea bat direla azaldu du, eta “justizia soziala” aldarrikatu.
ELAko Bañuelosek astearteko greba “okerren daudenekiko konpromisoaren” erakusgarri dela azpimarratu du, emakumeak eta migratzaileak nabarmenduta. Sindikatuen gutxieneko soldata proposamenaren aurka “PNV, PSE eta PSN alderdiek PP eta VOXekin batera eman dute botoa”, salatu du. CONFEBASK patronala ere kritikatu du, “hiru aldiz” egin diolako uko elkarrizketa sozialari. “Esan ziguten ezin zela 1.500 euroko gutxieneko soldata onartu hori egitekotan beste soldatek ere egingo luketelako gora: hain zuzen ere!”. Nabarmendu du Euskal Herriko sindikatuak Kataluniako eta Galiziako indar politiko eta sozialekin harremanetan ari direla nork bere lurraldean gutxieneko soldata handiago aldarrikatzeko, eta gaia Espainiako Kongresura helduko dela. “Borroka hau irabazi dezakegu”.
LABeko Lopetegi izan da hitz hartzen azkena. Hasteko, gerra edota zapalkuntza bizitzen ari diren munduko herrialdeak hartu ditu gogoan: Kuba, Venezuela, Iran, Groenlandia, Libano, Palestina edo Sahara. “Baina gaurkoa bezalako egunek adorea ematen digute”. Mundu horren aurrean alternatiba dagoela ziurtatu du, “bizitza erdigunean” jartzen duena. Gogoratu du ere 40 urte direla eman ziola Euskal Herriak ezezkoa NATOri, eta orduan bezala gaur “bakea eta burujabetza” beharrezkoak direla. Langileen aurkako “lapurretaren” aurrean gobernuek 1.500 euroko gutxieneko soldataren proposamenari “bidea itxi” nahi diotela salatu du, eta horretan lagun dituztela CCOO eta UGT sindikatuak: “Horrenbeste elkarrizketa sozialarekin, ahaztu egin dute gizarte konfrontazioa”. Baina ziurtatu du itxi nahi duten bidea grebak “berriz ere ireki” duela.
ARGAZKI GALERIA (Dos por Dos-en eskutik)
Sindikatu deitzaileen manifestazioa:














CNT eta mugimendu sozialistaren manifestazioaren argazkiak:





