Gasteizek gainezka egin du, atzoko memoria eta gaurko borroka aldarri

  • Duela 50 urte bezala, Gasteizko kaleak berriz ere jendez lepo bete dira, 1976ko martxoaren 3an hildakoak gogoratu eta langile borrokak jarraitzen duela aldarrikatzeko. Martxoak 3 elkarteak eta sindikatuek Zaramagan egindako omenaldian hunkidura izan da nagusi. Ondoren, mobilizazio nagusiak dozenaka milaka lagun bildu ditu Andre Mari Zuriaren plazan, salaketa soziala eta aldarri politikoa oinarri.

Jendetza bildu da Andra Maria Zuriaren plazatik Katedral Berriraino Dos Por Dos

2026ko martxoaren 4an - 01:12
Azken eguneraketa: 09:08
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Gauza asko aldatu dira Gasteizen azken bost hamarkadatan. Forjas Alavesas zegoen tokian, adibidez, orain merkataritza-gune erraldoi bat dago. Beste gauza batzuk hor daude, fosilizatuta: Zaramaga auzoko San Frantzisko eliza, adibidez, hondatuta eta teilatua erortzeko zorian, agintari politikoen eta instituzioen lotsagarri, memoria gune bihurtzea hitzeman zutenetik bost urte igaro diren arren.

Elizaren egoera, edo 1976an martxoaren 3an Espainiako Poliziak hildako bost langileen omenezko monolitoaren inguruak obrengatik hankaz gora egotea, sinbolikoki oso adierazgarriak dira, eta hori oso presente egon da  martxoaren 3ko sarraskia gogoratzeko 50. urteurreneko ekitaldietan.

Jendetza bildu da Gasteizen, gainezka egin du berriz hiriak: goizean milaka ikasle mobilizatu dira, eta arratsaldean dozenaka milaka lagunek hartu dituzte erdiguneko kaleak, Katedral Berritik Andra Maria Zuriraino. Gauza bat ez baita inolaz ere aldatu: 1976ko greba mugimenduak gasteiztarren artean ernai zuen kontzientzia soziala.

 Dos Por Dos
Katedral Berrian mobilizazioa hasteko zain. Urko Apaolaza

Langile anonimoaren hitzak

San Frantzisko elizako gurutzea xingoladun ikurrinarekin esnatu da martxoaren 3an, eta pixkanaka, goizak aurrera egin ahala, tenplua mutatzen joan da: batzuek pankartak jarri dituzte eraikina inguratzen duen hesietan, baten batek “Justicia” hitza margotu du lurrean, atzoko odola bezain gorri, eta gehienek loreak eraman dituzte.

"Martxoaren 3an poliziek eraso zutenean barruan nengoen. Atzeko leiho batetik ihes egin ahal izan nuen korrika, baina gaueko hamaikak arte ezin izan nintzen etxera itzuli, ezinezkoa zen kalean ibiltzea"

Txandaka eta orden zorrotzean igaro dira alderdi eta instituzioetako ordezkaritza ugari monolitoaren aurretik loreak uztera. Inguruan, kazetariak, argazkilariak, aholkulariak, antolatzaileak… eta baita zenbait herritar ere, 1976koa hezurretatik oraindik ezin kendu bizi diren langile anonimoak: “Nik Forjasen egiten nuen lan, eta Poliziaren pilotakada batek panazko galtzak urratu zizkidan, zortea izan nuen”, azaldu digu gizon heldu batek. “Ni orduantxe iritsi nintzen Gasteizera –dio ondokoak–, hilabete batzuk lehenago ezkondu nintzen eliza horretan bertan, eta martxoaren 3an poliziek eraso zutenean barruan nengoen. Atzeko leiho batetik ihes egin ahal izan nuen korrika, baina gaueko hamaikak arte ezin izan nintzen etxera itzuli, ezinezkoa zen kalean ibiltzea”. Halako zenbat testigantza isil geratzen ote dira jasotzeke?

Loreak uzten arratsaldeko omenaldiaren ondoren. Dos Por Dos

Monolitoa, konkistaturiko espazioa eta ikurra

Ikasle manifestazioen, lore-eskaintza errondaren, eta goizeko ekitaldi instituzionalen ondoren, arratsaldean herri-mobilizazioaren ordua iritsi da. Aurretik, monolitoan omenaldia egin dute Martxoak 3 elkarteak eta ELA, LAB, Steilas eta ESK sindikatuek.

Poliziaren 1976ko hitzak ozen entzun dira Zaramagan bozgorailu batetik. Gasteiztar ororen belarrietan txikitatik iltzatuta dauden irrati-audio ezagunak dira: "Hemos contribuido a la paliza más grande de la historia" (Historiako jipoi handiena ematen lagundu dugu). Eta gizon anonimoa, berriz: “Guk eliza barruan ginela ez genekien kanpoan zer ari zen gertatzen, eta kalean ere gutxi, baina etxeetan bai, irratiei esker denek izan zuten jazotakoaren berri”,

Monolitoa jarri zutenei eman diete protagonismoa aurten. Dos Por Dos
 Dos Por Dos

Omenaldian, “martxoaren 3ko sugarra bizirik mantendu dutenak eta inoiz utzi ez dutenak” oroitu nahi izan dituzte antolatzaileek. Hildako langileen lankideek monolitoa jarri zuten 1984an, “gauez, modu klandestinoan eta zementu azkarrarekin”, azaldu dute mikrofonotik. Haien aurretik beste hainbat saiakera izan ziren, atxiloketak ere bai… Eta paradoxikoki, gaur egun agintari guztiek nahi dute haren ondoan argazki bat atera egun seinalatua iristen denean. Konkistaturiko espazio publiko bat baino gehiago da burdin puska hori, ikur bat da, memoria osoa eta justizia aldarrikatzen dutenen ikurra.

“Martxoaren 3ko sugarra bizirik mantendu dutenak eta inoiz utzi ez dutenak” oroitu nahi izan dituzte antolatzaileek omenaldian

 “Herriak ez du barkatuko”, oihua entzun daiteke orain, gero eta ozenago, gero eta errepikakorrago, tak-tak-tak. Jendearen ezpainetatik bultzaka irteten da esaldia, barruan sendatu gabeko min bat balego bezala.

Zein da kontsigna?

18:30ean da hurrengo zita, Katedral Berrian. “Gazte” blokeak eta bloke “sozialistak” ireki dute nork bere bidea Alde Zaharreko bi albo kiribilak inguratzen. Duela 50 urte Pedro Maria Martinez Ocio, Bienvenido Pereda, Romualdo Barroso, Francisco Aznar eta Jose Castilloren hiletak egin zituzten tokian jende gehiago dago zain. Senideak daude. Lagunak daude. Lankideak, auzokoak, herritarrak. Txalo artean irten da martxa katedraletik.

Ez da manifestazio bat, jendea kabitu ezinik dabilen ibilaldi masibo bezain hunkigarria da. Aurrealdean daudenak Andre Mari Zuriaren plazara iritsi direnean eskua jaso dute garaipen ikurra egiten, sekulako txalo zaparradak eta malkoek egin diete ongi etorria; Lluis Llachen Campanades a Morts-en notek San Maria elizako ezkilek baino ozenago kantatzen dute momentu honetan. Hau da, seguruenik, eguneko une hunkigarrienetako bat.

 Dos Por Dos
 Urko Apaolaza

Ekitaldian, hainbat artisten doinu eta errezitaldiak entzun dira. Mario Benedettiren poema bat ere entzun da: La consigna es vivir a pesar de ellos. La consigna es joderles el proyecto… (kontsigna bizitzea da haien gogoz kontra, kontsigna haiei proiektua izorratzea da). Dantzari batek kaxarrankaren gainean agurra dantzatu du. Eta Martxoak 3 elkarteko eta 1976an hildako Pedro Maria Martinez Ocioren ilobak, Nerea Martinezek, aizkora zorroztu du: “Martxoaren 3ko memoria ez da soilik 1976koa. Bost hamarkadotan gertatu dena eta gertatu ez dena ere bada”, esan du. Beste behin, justizia, erreparazioa eta erantzukizunak eskatu ditu biktimen izenean.

“Martxoaren 3ko memoria ez da soilik 1976koa. Bost hamarkadotan gertatu dena eta gertatu ez dena ere bada”

(Nerea Martinez, Martxoak 3 elkartea)

Azkenik, sindikatuetako ordezkariek gogorarazi dute zergatik gauden hemen: atzokoa gogoratzeko bai, baina gaurkoa aldarrikatzeko ere bai. Borroka feminista, antiarrazista, osasungintza publikoaren aldekoa… Eta Palestina eduki dute gogoan. Eta Tubos Reunidos. Eta gogorarazi dute hemendik bi aste barru segida izango duela honek guztiak, 1.500 euroko gutxieneko soldataren aldeko greba orokorrarekin.

Amaieran Internazionala abestu dute milaka eztarrik, eta Eusko Gudariak ere bai, bi aldiz gainera, badaezpada, argi gera dadin Gasteizko herriak ez duela ahaztuko eta ez duela etsiko.


1976ko martxoaren 3a kanalean gehiago
2026ko otsailaren 25
Bost emakumeren testigantzak
M3ko sarraskia eliza barrutik

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.