Garratza eta lineala


2026ko irailaren 23an - 07:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Horizontes Latinos sailean, Latinoamerikako zuzendarien produkzioak ikusteko aukera izaten dugu Zinemaldian. Hango problematiken inguruko lanak aurkezten dira, bertako begiek eta ahoek kontatuak. Gaurkoan, Ceniza en la boca (Errautsa ahoan) film luzea ikusi dut, migrazioaren gaia lantzen duena. Ohikoa den gisan, gai hau jorratzeko, istorio edo kasu espezifiko bat eraiki eta kontatzen du, eta, egia esan, ez zait hori baino askoz gehiago iruditu pelikula: istorio lineal bat kontatzen duen lana, ondorio askorik eta azterketa sakonik gabe.

Lehen eszena gogorra izan da: emakume bat ikusi dugu, bere bi umeak lotan zeudela, berei agur esan eta taxi batean sartzen. Gerora argituko zaigu Mexiko utzi eta Espainiara emigratzeko sartu dela taxian, seme eta alabarekin Madrilen bizitzen ikusiko baitugu aurrerago. Protagonista alaba da, Lucila (Anna Díaz), nerabezaroa igaro berri, Madrilen bizitza berriari ekin nahian. Arazoa familiaren egoera zaurgarria da, bi lan txandakatzen ikusi dugu, gazte batek egin behar lituzkeenak baino bi gehiago.

Horixe izan da pelikula, orokorrean: Lucila munduari aurre egin beharrean, gazte baten bizitza normala egin ezinda, baina ez askoz gehiago. Espero zitezkeen gai asko ikusi ditugu: diru falta, bi lan egin beharra, zaintza lanak, nagusiekin dituen botere-harremanak, gazte kontuak, lagunak, ahizpatasuna... Horien guztien inguruan hitz egiteko, istorio ez oso originala aurkeztu digu, baina pelikulan sartu nauena.

Emozionalki pisutsua da filma: arazoak bata bestearekin iristen zaizkio Lucilari, etengabe, anker. Eta, uste dut hala kontatu beharreko istorioak badaudela eta migratzaile askoren errealitatea ongi islatu duela. Horrek, ordea, pelikula gogorra eta astuna du emaitzatzat askotan; ikuslea etengabe arituko da pentsatzen: eta, orain, zer; zein mailurekin kolpatuko dute protagonista? Halako film batzuk ikusi izan ditut Zinemaldian urteetan zehar, eta banekien, gutxi gorabehera, nola amaituko zen. Esandakoa, gidoia oso originala ez den arren, migranteen bizitzaren aldapa oso ongi erakusten duen lana da Ceniza en la boca.


Zinemaldia 2026 kanalean gehiago
2026ko irailaren 27
Azken agurra
Umore bisuala

2026ko irailaren 27
Josephine
Egoera latzari aurre

2026ko irailaren 25
The debut
Magikoa eta zoroa

2026ko irailaren 25
Bloques erráticos
Ez du nondik heldu

2026ko irailaren 24
Tender loving care
Zaintzaren ikuspegi desberdinak

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.