“Garraio zerbitzurik gabe, ezinezkoa litzateke adineko pertsonek programan parte hartzea”

  • Eutsi Pirineoa mikrokooperatibako kide Maia Ederra Barberrek proiektuaren nondik norakoak azaldu ditu. Dirulaguntza bat jaso dute garraio zerbitzua indartzeko.

Eutsi Pirineoa mikrokooperatiba

2026ko urriaren 2an - 07:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Nafarroako Pirinioetan zahartze aktiboa eta osasungarria sustatzea du helburu Eutsi Pirineoa mikrokooperatibak. Lau ardatz nagusi ditu proiektuak: ariketa fisikoa, estimulazio kognitiboa eta alfabetatze digitala, garraio zerbitzua eta belaunaldien arteko jarduerak. Pirinioetako herriak txikiak eta sakabanatuak dira, eta horrek zaildu egiten du pertsona zahar askok jardueretan parte hartzea. Eutsi Pirineoa mikrokooperatibak, ordea, oztopo horri aurre egiteko garraio zerbitzua eskaintzen du. “Hemen, Pirinioetan, dispertsio handia dago. Garraio zerbitzurik gabe, ezinezkoa litzateke adineko pertsonek programan parte hartzea”, azaldu du Maia Ederra Barberrek.

2018an hasi ziren, eta gaur egun ehun pertsonak baino gehiagok parte hartzen dute jardueretan. Proiektuaren finantzazio iturri nagusia Nafarroako Gobernuko dirulaguntzak dira. Pirinioetako Planaren barruko dirulaguntza bati esker, zerbitzua indartu ahal izan dute. Orotara, 85.000 euro banatu dituzte hogeita bost proiekturen artean. Kooperatibako kidearen arabera, proiektuak hutsune bat betetzen du Pirinioetan. Izan ere, pertsona zaharrentzat horrelako eskaintzarik ez zegoela nabarmendu du.

Pirinioetako herri txikietan bizi diren pertsona askorentzat, aste barruan beste herrietako bizilagunekin elkartzeko aukera bihurtu da programa

Parte-hartzaileak etxez etxe jasotzen dituzte. Neurri horrek bereziki eragiten die garraiatzeko zailtasunak dituztenei. “Emakume askok parte hartzen dute, eta askok ez dute gidabaimenik edo ez dute inoiz gidatu. Bestela, agian, soilik gizonek parte hartuko lukete. Garraio zerbitzuari esker, askoz atxikimendu handiagoa daukate programarekiko”, dio Ederrak. Garraioa, beraz, ez da zerbitzu osagarri hutsa. Parte-hartzaile askorentzat, programara iristeko aukera bakarra da.

Jardueren helburua ez da soilik aktibo mantentzea. Haien autonomia, ongizate fisiko-kognitiboa eta parte-hartze soziala sustatu nahi dituzte. Ariketa fisikoko saioetan, oreka, indarra, erresistentzia eta malgutasuna lantzen dituzte, besteak beste. Erorikoak prebenitzea ere bada xedeetako bat, bereziki mugikortasuna galdu duten, ibiltzean segurtasunik ez duten edo indar muskular gutxiago duten pertsonen kasuan.

Jarduerak, gainera, ez dira bakarrik gorputza eta burua aktibo mantentzeko tresnak. Harreman sozialak sustatzeko ere balio dute. Pirinioetako herri txikietan bizi diren pertsona askorentzat, aste barruan beste herrietako bizilagunekin elkartzeko aukera bihurtu da programa. “Oso herri isolatuetan bizi den jendea dago. Programarekin, gutxienez, astean bitan beste herrietakoekin elkartzen dira. Askoz aktiboago mantentzen ditu”, azaldu du Ederrak.

Programaren eragina aztertzeko, gainera, osasun etxearekin elkarlanean aritzen dira. Irailean eta ekainean test fisikoak egiten dizkiete, haien bilakaera aztertzeko. Ederrak hainbat onura aipatu ditu; esate baterako, indarra ez galtzea, segurtasuna handitzea eta kognitiboki aktibo mantentzea.

Programaren hasieran, hirurogeita hamar urtetik gorako pertsonak ziren parte-hartzaile nagusiak. Azkenaldian, ordea, gero eta gazteagoak ari dira hurbiltzen: “Uste dugu agian prebentzio moduan egiten dutela. Gainera, ariketa fisikoa euren beharretara egokituta dago”, azaldu du.


Zahartzaroa kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.