Greba orokorrak zerbitzu publikoetan izan duen eraginari dagokionez, garraio publikoan linea askotan gutxieneko zerbitzuak besterik ez direla eskaintzen ari azaldu dute sindikatuek. Bestalde, osasungintzan eta gizarte ongizate esparruan, gutxieneko zerbitzuen bitartez milaka langileri greba eskubidea ukatu zaiola salatu dute.
Eusko Tren eta Metro Bilbao, Donostibus, Hiribus Zarautz... Garraio publikoan linea askotan gutxieneko zerbitzuak besterik ez direla jakinarazi dute sindikatuek.
Administrazio publikoan, Gipuzkoako hamarnaka udaletxetan "ia erabatekoa" izan dela jarraipena: Orio, Azpeitia, Zestoa, Hernani, Oiartzun, Usurbil, Astigarraga, Zumarraga, Zizurkil, Mendaro, Bergara, Arrasate, Zarautz, Beasain, Ordizia, Oñati, Idiazabal, Lazkao, Tolosa, Idiazabal edo Urretxun. "Beste askotan oso jarraipen handia espero da", gaineratu dute, Errenterian, Legazpin eta Donostian, esaterako. Sasieta eta Debagoiena mankomunitateetan eta Urola-Kosta udal elkartean jarduera baxua zian da.
Bizkaian ere (Bermeo, Gernika-Lumo, Durangaldea, Arratia, Markina-Xemein, Ispaster, Ibarrangelu, Plentzia, Zaldibar, Galdakao…) jarraipen handia izan du. Zalla, Basauri eta Mungiako Garbiguneak itxita daude; eta Karrantza eta Zallan gaur ez da ontzien bilketarik egin. Araban ere, Gasteiz edota Legutioko udaletan eta Gorbeialde eta Lautadako mankomunitateetan "lanuztea garrantzitsua" izaten ari da. Nafarroan, Udal zerbitzuen jarduera "oso murritza" izan da herri batzuetan: Iruñea, Zizur Nagusia, Burlata, Atarrabia, Altsasu eta Leitza zein Sakanako Mankomunitateetan.
"Eusko Jaurlaritzan ere aurreko grebetan baino jarraipen zabalagoa ari da izaten", gaineratu dute sindikatuek.
"Greba eskubidea ukatu zaie langileei"
"Osasungintzan eta gizarte ongizate esparruan, beste behin ere, gutxieneko zerbitzuen bitartez, milaka langileri greba eskubidea ukatu zaio", kexu dira sindikatuak. "Adibidez, gaueko txandetan, ia langile batek ere ez du grebarekin bat egiteko aukerarik izan. Larrialdietako langileek ere %100eko gutxieneko zerbitzuak pairatu dituzte. Horri gehitu behar zaio Lehen Arretan ezarritako gutxieneko zerbitzuen igoera. Lan Sailak behartu du osasun-zentro bakoitzean gutxienez mediku bat egotera eta tamainaren arabera, bigarren bat ere ezarri du".
Ospitaleetan greba nabaritu da, azaldu dute sindikatuek: Gutxieneko zerbitzu gisa jarduten dutenak izan ezik, Gasteizko Santiago eta Urduliz ospitaleetako ebakuntza-gelak itxita daude eta Basurtuko ospitalean ere lau ebakuntza gela daude itxita. Basurtuko Ospitaleko erreteneko zeladoreek gutxieneko zerbitzuekin bakarrik funtzionatzen dute, gainerako langileak greban baitaude, eta ospitale horretako barne-garraioko zerbitzuak %50ean jarduten baitu. Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan, laborategiko teknikariak minimoetan daude eta Galadako-Usansolo Ospitaleko Eskanerrak murrizketekin funtzionatzen du. Gorlizko Ospitalean nabarmentzekoa da biltegian, X izpietan eta errehabilitazio zerbitzuetan izan duen eragina.
Bestalde, esku-hartze sozialean grebak "jarraipen zabala" izan du: "Gizarte Ongizatean, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ezarritako gutxieneko zerbitzuak, kasu batzuetan, Gobernuak berak ezarritako arreta-ratioak baino handiagoak dira. Etxez etxeko laguntzan, langileen %90ek grebarako eskubidea galdu du".
Egoitza eta eguneko zentroetan grebak "jarraipen oso handia" izan du: greba egiteko aukera zuten langileen %90ek baino gehiagok egin du, zehazki. Gipuzkoan jarraipena erabatekoa izaten ari da, eta Bizkaian grebaren eragina oso handia da: Iruñerriko egoitzetan langile askok ezin izan dute greba egin, gutxieneko zerbitzu gehiegizkoengatik. Elizondoko Benito Menni zentroak bat egin du grebarekin.
Aniztasun funtzionalean ere jarraipena oso zabala izaten ari da: "Avifesen eta Down Sindromearen Fundazioan jarraipena erabatekoa izaten ari da. Enplegu zentro berezietan, Bizkaiko enpresa nagusiek (Talleres Gallarreta, Ranzari, Usoa…) jarraipen handia izan dute, greba egin zezaketenen %60tik gorakoa. Indesan, zuzendaritzak greba eskubidearen aurka jokatu du".