argia.eus
INPRIMATU
Garoña berriz martxan jarri ahal izateko, legedia aldatu du Espainiako Gobernuak
  • Garoñako zentral nuklearra kudeatzeaz arduratzen den Nuclenor enpresaren neurrira egindako dekretua onartu zuen ostiralean Espainiako Gobernuak. Horri esker, zentralaren arduradunek bost hilabete dituzte erabakitzeko Garoña berriz martxan jarri nahi al duten.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2014ko otsailaren 24a
Zentral zaharraren segurtasuna aspalditik ezbaian dagoen arren, argudio ekonomikoek baldintzatuko dute Garoñaren jarraipena.

Iberdrola eta Endesa konpainia elektrikoek osatzen duten Nuclenor enpresari alfonbra gorria jarri dio Gobernuak: dekretuaren arabera, zentral nuklearren ixtea segurtasun arrazoiengatik baino ez da izango behin betikoa. Arrazoia ekonomikoa denean, kudeatzaileek urtebeteko epea dute berriz ere martxan segi nahi duten erabakitzeko. Garoña 2012ko abenduan gelditu zutenez, datorren uztailaren 6ra arte dute deliberatzeko.

Nahiz eta zentral zaharraren segurtasuna aspalditik dagoen ezbaian, atzean interes ugari dituen Segurtasun Nuklearraren Kontseiluak Garoña irekita mantentzearen alde egin du beti, eta hortaz, argudio ekonomikoek baldintzatuko dute zentralaren jarraipena: iaz itxiko zutela iragarri zuten arduradunek, Espainiako Gobernuak erregai nuklearrari jarri nahi zion zerga kentzeko presioa egin nahian. Orain, Fukushiman gertatutakoaren ondotik ezarri diren segurtasun neurri berriekin, gutxienez 100 milioi euroko inbertsioa egin beharko luke Garoñak.

Zer egingo du Garoñak?

Ekonomikoki errentagarria den begiratuko du Nuclenorrek, merkeagoa ateratzen ote zaion irekita mantentzea, ixtea baino. Dekretuaz adierazi du "oso positiboa" dela eta "Nuclenorrek baldintza berriak baloratuko" dituela, baimena berritu edo ez erabaki aurretik. Bost hilabete ditu horretarako, eta ikusi den moduan, Espainiako Gobernuaren laguntza eta babes osoa.