Garoa, jendartea eraldatzeko gune berria Mungia erdian

  • 2007an sortu zuen Butroi Bizirik elkartea ingurumenaz arduratuta zegoen Mungialdeko herritar talde batek, eta 2013an erantsi zioten "Trantsizioan" hitza izenari. “Rob Hopkins ekintzaile eta idazlea izan zen trantsizio mugimenduaren sortzailea, eta petrolioaren gailurrari erantzuteko bestelako bizitzeko moduak planteatzen ditu: permakultura, burujabetza, zaintzetarako elkarlana…”, azaldu du David Henderson taldeko kideak. Espazio txiki bat zuen BBT taldeak Mungian orain arte, baina iaz lokal berria hartzeko aukera suertatu zitzaien, eta pausoa ematea erabaki zuten. Horrela ireki zuten irailean "Garoa, gune bizia" deitzen dioten espazioa, herriaren erdian.


2026ko otsailaren 23an - 05:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Uribe Butroi eskualdean eraldaketa ekosoziala sustatzea da taldearen helburu nagusia, eta horretarako hainbat lan ildo eta proiektu jarri dituzte martxan urteotan. Duela hamar urte inguru sortu zuten, esaterako, kontsumo taldea. “Eskualdeko nekazariekin eskuz esku ari gara lanean, eta lokaleko dendan bertako ekoizleen produktu ekologikoak eta bidezko merkataritzakoak saltzen ditugu”, azaldu du kideak. “Kontsumo taldean Uribe Butroi eskualdeko elikadura burujabetzaren alde egiten dugu, eta metodo sostengarriak, ekologikoak eta artisauak darabiltzaten ekoizleak balorizatzea da asmoa, haien produktuak gure bazkideengana hurbilduta”, diote webguneko aurkezpenean. 70 bat bazkide dira gaur egun taldean, eta Garoako denda asteazken arratsaldetan eta ostiral goizetan irekitzen dute. Bazkideen inplikazioa bilatuz, txanden bidez antolatzen dira dendan. “Hartu dugun gune berria alkartetxea zen garai batean, jatetxea ere bazuen. Jatetxea irekitzeko asmorik ez dugu, baina aurrera begira gure asmoa da espazioa aisialdirako ere izatea, hurbiltzen denak zerbait hartzeko aukera izatea”, gehitu du.

Bestelako proiektuak

Energia burujabetzari begira UBEK energia komunitatea sortu zuten taldetik, berriztagarrietan oinarritutako proiektu komunitario, lokal, parte-hartzaile eta irekiak bultzatzeko asmoz. Bide horretan, Goiener hasieratik bidelagun izan dutela dio Hendersonek. Eta, energiaz gain, tokiko monetarekin ere egin zuten saiakera elkartetik. “Ekhi tokiko moneta erabiltzeko proiektua bultzatu genuen. Orain Hernanin dute moneta hori eta hemen trantsizio garaian gaude”.

Hitzaldiak, liburu aurkezpenak, herritarren sentsibilizazioari begirako ekimenak, tailerrak eta bestelakoak ere antolatzen dituzte BBT elkartetik, eta orain, Garoa espazio berriak eskaintzen dizkien aukera zabalekin, horrelako gehiago egitea dute helburu. “Guk esaten dugu jende txiki askok, gauza txikiak egiten, mundua aldatu dezakeela. Oso presente dugu ideia hori gure jardunean”, amaitu du kideak.


Baratzetik mundura kanalean gehiago
2026ko otsailaren 16
Istrupiza baserria
Baratzezain izatetik erlezain izatera

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.