argia.eus
INPRIMATU
Garaiko produktuak sustatzeko kanpaina zinematografikoa
  • Garaiko produktuen kontsumoa bultzatzeko kanpaina abiatu du Kutxa Ekoguneak. Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren baitan “Baratzeko estreinaldi handiak” lelopean hainbat komertziotan informazioa banatuko dute. Filmeen izenekin hitz jokoak eginez gaiaz ezagutza zabaldu nahi dute.

ARGIA @argia 2015eko irailaren 19a

Mugikorretarako Garaikoa aplikazioa prestatu dute eta webgunean ere informazioa eskaintzen dute.

Garaiko elikagaiak kontsumitzea denontzat onuragarria da” artikuluan, praktika honen aldeko arrazoiak bildu dituzte.

Batetik, ingurunearekiko jasangarriak direla nabarmendu dute. “Garai bakoitzean gure eskualdean naturalki ematen diren produktuak kontsumitzean, natura zaintzen dugu, ez dugulako lurra agortzen duen baratza artifizialik sortu behar”. Garraiatzeko distantziak gutxituz gastu energetikoa eta kutsadura ere murriztu egiten dela diote, CO2 emisioak eta embalajea kasu.

Bigarrenik, tokiko ekonomia sustatzen laguntzen dutela gogoratu dute. “Garai bakoitzean gure eskualdean ekoizten diren elikagaiak kontsumitzen baditugu, urrutiko produktuak ekarri beharrean, tokiko nekazaritzari laguntzen diogu”.

Produktuen zaporea eta nutrizio ezaugarriak ere aipagai dituzte. Hori ekoizpen-ziklo naturala errespetatzeagatik gertatzen dela diote, heltze garai onenean biltzen direlako.

Azkenik, nekazaritza aktiboa mantenduz nekazal eremuak mantendu eta baserri paisaiak bizirautea bermatzen dela irakur daiteke.

Kanpainan parte hartu nahi duten saltokiek ekogunea@ekogunea.eus helbidera idatzi behar dute.

Baratzeko estreinaldi handiak ikus-entzunezkoa ere prestatu dute kanpainarako.