Gallartako 1937ko bonbardaketa faxista ekarri dute gogora ekainaren 16ko ekitaldian

  • 1937ko ekainaren 16ko bonbardaketen ondorioz Abantoko Gallarta auzoko bortz bizilagun hil ziren, tartean bi adingabe. Memoria historikoa berreskuratzeko, udalak ekitaldia egin du, eta oroimen plaka ezarri.

Gallartako 1937ko bonbardaketetan hildako bortzak gogoratzeko plaka. Abanto-Zierbenako Udala

2026ko ekainaren 17an - 11:15
Azken eguneraketa: 12:38
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Antonio Barrios (10 urte), Ángela Soto (17), Longino Lázaro (22), Águeda del Olmo (27) eta Manuela Altazubiaga (76) dira Espainiako 36ko Gerran, 1937ko ekainaren 16ko bonbardaketek Abantoko Gallarta auzoan (Bizkaia) utzi zituzten bortz hildakoen izenak. Kondor Legioko hegazkin alemaniarrek eta eskoltako hamabortz ehiza-hegazkin italiarrek Bilbotik Santanderrerako errepidea eraso zuten, ekainaren 19an tropa frankistek Bilbo hartzeko erasoaldi betean.

Asmoa zen herritar zibilen eta erretiratzen ari ziren euskal militarren ihesaldia eragoztea. Aireko erasoan Meatzaldeko herriak bonbardatu eta metrailatu zituzten, eta hemezortzi pertsona hil zituzten: zortzi Trapagaranen, bortz Ortuellan eta bortz Abanton, tartean hainbat haur.

Bonbardaketen ondorioz Gallartan hildako bortzak gogoratu dituzte astearte honetan ekitaldi eta plaka batekin. Iñaki Urrutia Abanto-Zierbenako alkateak (EAJ) ireki du ekitaldia: “Memoria bizirik mantendu nahi dugu, biktimak aitortu eta bakearekin eta bizikidetzarekin dugun konpromisoa berretsi”.

Memoria historikoa

Alkateaz gain, Alazne Zenekorta zinegotzi jeltzaleak eta EH Bilduko Sergio Monedero zinegotziak hartu dute parte. Omenaldi hau, hain zuzen, EH Bilduk, memoria historikoa berreskuratzeko ahaleginean, gobernu taldearekin hartutako konpromisoetako bati dagokio, ElCorreok jakinarazi duenez.

Ekitaldian udal ordezkaritza zabala bildu da, udalbatzako zinegotzien gehiengoarekin, baita koalizio subiranistaren ordezkaritza garrantzitsu bat ere, eskualdeko batzarkide eta arduradunekin batera. Biktimen senideek eta hurbilekoek ere euren tartea izan dute, tragediaren oroitzapenak eta testigantza zuzenak partekatzeko.

Zeremonian, memoria egia, aitortza eta errespeturako funtsezko zutabe gisa aldarrikatu duen testua irakurri dute. Ondoren, Abantoko Ekoetxearen kanpoaldera joan dira bertaratutakoak, agurra dantzatzeko. Azkenik, bortz hildakoak omentzeko plaka oroigarria paratu dute, eta lore eskaintza egin.


Oroimen historikoa kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...