Autodeterminazioaren aldeko aliantza sinatu dute Gales, Ipar Irlanda eta Eskoziako lehen ministroek

  • Erreferendum baten aldeko memoranduma sinatu dute Sinn Fein, SNP eta Playd Cimru alderdi independentistetako buruzagiek. "Westminster-en denbora amaitzen ari da", adierazi dute agintariok eta nazioen artean berdintasunean oinarritutako harremana eskatu dute. 

Jon Rowley / EFE

2026ko irailaren 14an - 09:25
Azken eguneraketa: 15:15
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Michelle O'Neill, John Swinney eta Rhun ap Iorwerth buruzagi independentistek bakoitzaren alderdiaren izenean sinatu dute akordioa Cardiffen, ez gobernuaren ordezkari gisa. 1990eko hamarkada amaieran hiru lurraldeek Erresuma Batuaren botere zentralarengandik autonomia eskuratu zutenetik, lehen aldia da hiru gobernuetan aldi berean alderdi independentistak boterean daudela. 

Agerraldian adierazi dute "Westminsterren –Erresuma Batuko Parlamentuari egiten dio erreferentzia– aroa bukatzear" dagoela, eta Londresi ohartarazi diote has dadila prestatzen "aldaketa konstituzional bat" egitea errazteko: hau da, independentzia erreferendum bat egiteko.

Eskozian 2014an egin zuten independentziari buruzko erreferenduma, eta Erresuma Batuan jarraitzearen aldekoak irten ziren garaile: %55ek bozkatu zuten independentziaren aurka, eta %45ek alde. Azken egunetan harrabotsa egiten ari da berriz erreferendum bat izateko aukera; Andy Burham Erresuma Batuko lehen ministroak, horren aurrean, Komunen Ganberan aurreko astean eginiko adierazpenetan esan zuen independentziaren aldeko erreferendum bat onartuko lukeela, horretarako "batasun argia" balego.

Gehiengo independentista

Maiatzean eginiko hauteskundeetan gehiengoa eskuratu zuen Galesko parlamentuan Plaid Cymruk, eta ap Iorwerthek azpimarratu zuen herrialdearentzat "une historikoa" zela: "Uharte hauetan testuinguru politiko berri bat agertzen ari da, eta geroz eta nabariagoa da Westminsterreko sistema ez dela baliagarria". Ipar Irlandan 2022an egin zituzten hauteskundeak, eta DUP alderdi loialista garaile irten arren, uko egin zion gobernua osatzeari –2016ko Brexitaren ondoren onartu zuten Ipar Irlandako Protokoloaren aurka protesta gisa–; ondorioz, Sinn Feinnek gobernua osatu eta O'Neill izendatu zuten lehen ministro.

Bestalde, Eskoziako maiatzeko hauteskundeetan SNPk 58 eserleku eskuratu zituen –gehiengoa osatzeko 65 behar dira–, eta bigarren laboristak eta Reform UK alderdi ultraeskuindarra izan ziren, bakoitza hamazazpi eserlekurekin. Swinneyk esana du konstituzioa aldatzeko une "ezinhobea" dela: "Burnhamek onartu behar du Erresuma Batuko azken lehen ministroa izan daitekeela".

Trump eta Irlandaren batasuna

Erresuma Batuko hiru lurraldeen bilerak Irlandan harrapatu du Donald Trump AEBetako presidentea, Doonbegen duen golf zelaian. Hain zuzen, Irlandaren batasunaren inguruan galdetuta, Trumpek adierazi du "naturala" litzatekeela bi zatiak batzea: "Lorpen handia litzateke guztiontzat".


Nazioartea kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.