Izetu Gazte Asanbladak aurreko astean jakinarazi zuen Gaztetxe berri bat zabaldu zuela Galdakaon (Bizkaia), Muguruko fabrika zaharrean, eta astebeteren ostean desalojatu du Poliziak. Eraikinaren jabe legalak ipinitako salaketari lotuta, kautelazko desalojo-agindu bat sartu zuten indarrean Gaztetxearen aurka, eta larunbat goizean gauzatu du agindua Ertzaintzak. Ostiral arratsaldean ehunka gazte mobilizatu ziren Galdakaon, Gaztetxearen alde, eta espazioa defendatzera deitu zuten. Larunbatean, Ertzaintza bertaratu denerako, hainbat eta hainbat lagun ari ziren Gaztetxea babesten.
09:00ak igarota bertaratu dira ertzainak, eta polizia-lerro bat osatu dute Gaztetxearen parea zarratuz. Lerroaren beste aldean ere jendea bildu da, desalojoaren aurka protesta egiteko eta espazioa defendatzen ari zirenei babesa emateko.
Poliziak banan-banan eta indarrez kanporatu ditu Gaztetxearen aurrean eta barruan zeuden gazteak; Izeturen esanetan, 40 bat pertsona identifikatu dituzte. Desalojoa gauzatu bezain pronto, kaleak hartu ditu Gaztetxearen alde mobilizatutako jendeak, eta protestara jo dute "Galdakaon Gaztetxea behar dugu" eta "Borroka ez da eten" aldarritzat hartuta.
Gazte Asanbladaren lan nekaezina iaztik
Iazko ekainean aurkeztu zuten Izetu Gazte Asanblada, eta aurreko astean gogorarazi zuenez, ordutik Galdakaoko hamaika gaztek egindako lanaren emaitza izan zen Gaztetxe berriaren irekiera. "Herriko gazteak antolatzeko, elkartzeko eta eztabaidatzeko leku moduan aldarrikatu nahi dugu, lehen lerroan jarriz gazteon benetako interesak. Denbora gehiegi pasatu dugu Gaztetxe barik herrian", zioten. Izan ere, hamar urte baino gehiago pasatu dira Ortuondoko Gaztetxearen itxieratik eta zazpi urte Muguruko Gaztetxea lortzeko azken prozesutik.
Izetuk buru-belarri jardun du hilabete luzez Gaztetxe baten beharra seinalatzen. "Alde batetik, galdakoztar gazteon aisialdia guztiz kontsumora bideratuta dago, tabernak edo kaleak dira gazteon espazio bakarra. Beste aldetik, despolitizazioa eta ideia atzerakoien gorakada somatzen dugu", azaldu zuen aurreko larunbatean. Galdakaoko Gaztetxe berriaren bidez, hain zuzen ere, horri guztiari aurre egitea zuten helburu.