Mundu guztiak
Ruben Sánchez Bakaikoa
Txalaparta, 2026
------------------
Bizitzan inoiz gertatzen diren kasualitate bitxi horietako batengatik eskuratu dut Mundu Guztiak izeneko ipuin-liburua. Antza, etorkizunetik bidalitako testu narratibo bat da, hemendik hogei urte ingurura mental trip formatua izango duena edo, alderantziz –etorkizunari atzerako ispilutik begiratuta–, geroaldi hurbilean euskarri fisikorik gabeko txango mental gisa sortu zena gaur egun 176 orrialdeko artefaktu bilakatu da, Txalaparta argitaletxearen eskutik plazaratu eta Celeste letra-tipo dotorea darabilena. Misterioa da zelan lortu duen denboran atzera hain zalu bidaiatzea. Baina, badakizue, zientzialarien ustez oztopo teoriko gaindiezina dena autobide moduko zizare-zulo zabala izan daiteke fikzioarentzat. Hona hemen XXI. mendearen erdialdeko sortzaile ezezagunaren abisua: “…ohartu nintzen eternitatea istant batean biltzen ahal dela, nola hondar-ale batean unibertsoa”.
Liburua osatzen duten zazpi ipuin bikoteek, Green hiriko Saint Mary Streeteko 7. zenbakira garamatzate. Lanaren arkitekturari Georges Perec-en La vie mode d'emploi-ren estilo paristarra dario: hiru solairuko eraikina ezker-eskuineko etxebizitzekin; bebarruan xaboi-lantegi xume bat daukana. Hortaz, bertan bizi diren auzokideen inguruan ardaztutako kontakizunak unibertso bereko txatalak baino ez dira. Alde horretatik, ipuin liburuak erakusten duen homogeneotasun formalak nobela izaera ematen dio ezinbestez.
Generoari dagokionez, tartean zenbait zientzia-fikziozko baliabide eta asmakari teknologiko ageri dira: presoen kontrolerako sentsoreak, drone portuak, adimen artifiziala, humanoideak, metabertsoa, abatarrak, esperientzia multisentsorialak eta abar. Hala ere, gure mundua ez da gehiegi aldatzen hamarkada pare bateko jauzian eta erraz identifikatzen ditugu pertsonaien arrangurak, galerak eta ahulezia nostalgikoak.
Epilogoan misterioaren zurrunbiloranzko bultzada bortitza sentituko dugu. Simetriak, anakronismoak, galaxiaren indar zentripetua, denboran zeharreko bidaien bertigoa, palindromoekiko zaletasun enigmatikoa (Oulipoaren jokoak ote?)… Eta amaieran oihu errepikakor bat, Edgar Allan Poeren eldarniozko kontakizun aspaldiko haietan bezala: Yokcuhslu, Yokcuhslu, Yokchuhslu. Dena den, Googlen kontsulta eginez gero, egileak beste zerbaitez ari dela konturatuko gara.
Laburbilduz, Iaz Aldecoa Beka irabazi zuen liburua erraz eta gustura irakurtzen diren horietakoa da eta samurtasun handiko pasarte hunkigarriak ditu, batzuetan lirikotasun hutsezko uneetara eramaten gaituztenak. Pertsonaia gehienak nahiko sinesgarriak dira eta gertalekuko zoko-bazterrak ondo marraztuta daude. Nik, aukeran, narrazio luzeak nahiago, laburrak ahulagoak iruditzen baitzaizkit. Garapen aldetik, gehien hunkitu nauten istorioak hauexek izan dira: Hilerri-lilia (Ruben Sánchezen aurreko nobelaren oihartzunak dakartzana), Mundu guztiak, Bero lamada eta Fuck maitasuna. Aldizka hunkitu, aldizka dibertitu eta aldizka pentsarazi dit. Zer gehiago eska dakioke ipuin-liburu bati?