Gainestimulazioa

Behe Banda

2026ko otsailaren 19an - 10:22
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Ez gara pilota partida bat ikusteko gai.

Sofako zirrikitu estuenetik telekomandoa berreskuratu eta telebista pizten dugu, botoien arteko hautsari putz eginez. ETB1 tokatzen da askotan. Sofan eserita eta begiak ondo zabalduta begiratzen diogu telebistari. Gehiago, askoz-askoz gehiago eskatzen digu begi atzealdeak. Kanalak aldatzen ditugu bakoitzean botatzen ari direna irakurtzeko denborarik hartu gabe: hau ez-hau ez-ez-ez-atzera-ez-ez-next-next-next. Eta ETB1 berriz ere. “Netflixen saiatuko naiz?” Hiru lerroko bost film-laburpen irakurri, eta ordu eta erdiz arreta gauza bakarrean mantendu? Bai, zera; ez, ez. Hobe dut beste bi pantaila hartu eta hirurei zehar-begiratua eman. Ez nago ezer benetan ikusteko bezain aspertuta”.

Garai batean, batere pantailarik ez zenean eta hori dena, ez zeukatela bideoei begira entretenitu beharrik eta bla-bla-bla

Aspertzen jakitea oso garrantzitsua dela entzun izan diot beti jende zaharragoari. Garai batean, batere pantailarik ez zenean eta hori dena, ez zeukatela bideoei begira entretenitu beharrik eta bla-bla-bla, badakizue nola segitzen duen. 2000. urtetik aurrera jaio izanagatik eman izan dizkiguten lezioetatik harago, ni neu ere ingurura begira jarrita nago aspaldian, eta geure eskuei ezin eutsita gaudela sinetsita nago.

Umetako afalondoko telebista aurreko ordubete preziatua bihurtu zaigu esnatutakoan, bidaiatzerakoan, hortzak garbitzerakoan, telebista piztutakoan, itzalitakoan, bazkaltzera eseritakoan, lagunekin hitz egiterakoan, kozinatzerakoan… ikusten dugun bideo motz bilduma etengabea, eta geure begi-garunak hamar segundoko –x2-an ikusita, bosteko– bideoetara ohitu direnetik, asegaitzak zaizkigu leihoz bestaldeko zelai berdeak, telebista-programak, bazkaritarako babarrunak, lagunarteko elkarrizketak eta paretari begira sor dakizkigukeen pentsamenduak. Horrek garamatza estimulu gehiago, eta gehiago, eta gehiago bilatzera eta horrek, jarraian, arreta-faltara, antsietatera, neke mentalera edo egoteko –eta egoteko bakarrik– gai ez izatera.

Eta horregatik ikusten ditugu pilota partidak, telefonoa eskuan eta ordenagailu portatila magalean ditugula, kafesne berotan bustitako gailetak ahora eramanez.

Momentu batez pausoa eten, besoak eta sorbaldak hilda utzi, eta lepoa alde batera eta bestera jiratu behar genukeela pentsatzen hasia nago ni. Geratu egin behar dugu. Geratu, eta begiratu parkean jolasean, korrika ari diren umeei; begiratu pasatzen trenari eta sentitu haizea aurpegian; begiratu kale ertzeko kartelari eta deskubritu geure herrietan egiten diren gauza txikiak. Gauzei begira geratu eta aurrean duguna ikusten ikasi beharrean gaude.

Zeren eta, zu? Zer ari zara zehar-entzuten, -begiratzen, -irakurtzen zu, hau irakurri bitartean?


Irakurri gehiago: Gizartea Kultura Iritzia
Gizartea kanalean gehiago
2026ko martxoaren 4
Lurraldea eta arkitektura
Denise Scott Brown

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.