Funts putre batek Donostiako kale batean hogei etxebizitza huts eta sei pisu turistiko dituela salatu dute

  • Kaleratzeak Stop taldeak jakinarazi du Azora funts putrea Amarako Osasun Iturria kalean bost finken jabea dela. Gainera, hango maizterrei duela zazpi urte sinatutako kontratuak amaitutzat eman dizkiete, eta etxegabetze datak ezarri. Jon Insausti Donostiako alkateak adierazi du udalak "gogor" jokatu behar duela Azoraren gisako funts putreen aurka.


2026ko irailaren 9an - 09:39
Azken eguneraketa: 10:43
Donostiako Amara auzoko Osasun Iturria kalea. Irutxuloko Hitza
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Inmobiliaria Vascongada higiezinaren erosketarekin –maizterrekin duela zazpi urte kontratuak sinatu zituena–, 2020an Azora funts putrea Donostiako 320 familiaren etxebizitzen alokatzaile bihurtu zen, eta ordutik hainbat arazo izan dituzte familia horiek. Esate baterako, funts putrearen jabetzako Gros auzoko etxebizitzetako bizilagunek prentsaurrekoa egin zuten 2024ko uztailean, eta Azoraren "gehiegikeriak" salatu zituzten: adierazpenean hitzarmen berritze eza, mobbing immobiliarioa, klausula ilegalak eta fiantzen lapurreta aipatu zituzten, besteak beste.

Amarako Osasun Iturria kalearen egoeraren harira, Kaleratzeak Stop taldeak azpimarratu du funts putrearen helburua alokairu horiei "ahalik eta etekin handiena" ateratzea dela. Gainera, plataformaren esanetan, familiak kaleratu ondoren Azorak etxebizitza horiek aldi baterako alokairuan jarri nahi ditu, Etxebizitzaren Legeak ezarritako prezio mugak eta erreferentzia indizeak saihesteko.

Gauzak horrela, plataformak iragarri du mozio bat aurkeztuko duela Donostiako Udalaren hurrengo osoko bilkuran, honako neurri hauek exijitzeko: Etxebizitzaren Legea baliatuz, Azorak Donostian dituen etxebizitza hutsak desjabetzea; funts putreak amaitutzat jo dituen alokairu kontratuak hiru urtez luzatzea eta berritzea; eta, azkenik, Kontsumobidek Azorak interneteko atarietan argitaratzen dituen alokairuak ikuskatzea, eta zigortzeko Etxebizitzaren Legeak ezarritako prezio mugak urratuz gero.

"Udalak jarrera irmoa erakutsi behar du"

Gaiaren inguruan galdetuta, Donostiako alkate Jon Insaustik adierazi du udalak "gogor" jokatu behar duela Azoraren gisako funts putreen aurka: "Badakigu nola aritzen diren, eta ez dituzte bizitzeko hiriak bilatzen, espekulatzeko baizik. Nik ez dut nahi Donostia espekulatzeko hiri bat izatea". Insaustik gaineratu du Kaleratzeak Stop plataformarekin "harremana indartu" behar dutela.

Udalaren arabera, Donostian 2.200 etxebizitza huts inguru daude gaur egun. Alkateak azpimarratu du etxe huts horiek denak "mobilizatu" behar dituztela administrazioan eskuratu dituzten "erremintekin".


Etxebizitza eskubidea kanalean gehiago
2026ko urriaren 1
Barra warroak
Jabeak eta gabeak

2026ko irailaren 30
Analisia
Maricarmen

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.