argia.eus
INPRIMATU
Frutak espaloietan
  • Miss edo Mister Moztare batek haginduta moztu dituzte hondartza baten aldamenean ederki asko bizi ziren marugatze japoniar (Morus bombycis) batzuk.

Jakoba Errekondo 2020ko azaroaren 26a

Antilla izena duen hondartza horretan aspaldiko urteetan zuhaitzak landatu eta landatu ari dira. Lehengo mendetik dator ohitura. Zuhaitz mordoska bat landatu da, baina ale gutxi batzuek besterik ez dute aurrera egitea lortu. Tokia oso zakarra da bizitzeko, diren eta ez diren haize guztiek bertan egiten dituzte topaketak, eta haiek hara-hona darabiltzaten hondar aleek eta kresalaren gatzak jo eta suntsitu egiten dituzte zuhaitzak. Makina bat espezie berezirekin egin dituzte saioak, baina tajuzko figura erakusten duen alerik ez da geratzen, marugatze japoniar batzuek osatzen duten errenkada bat izan ezik. Ez dakit japoniarrak izaki errenkada zuzen-zuzenean bizi direlako dauden gustura, baina ederrak dira oso.

Aterki itxurako zuhaitza da marugatze hori, ez du gora eta gora igotzeko inolako gogorik, adarrak zabaldu eta itzal ederra sortzen du bere pean. Hosto zabal handiak ditu, ugari-ugari adarretan eta adar horiek luzatu ahala makurtu egiten direnez, hostaje trinkoa osatzen du. Japoniarraren senide marugatze zuriaren (Morus alba) hostoak dira zeta-harra elikatzeko erabiltzen direnak.

Marugatzeak maruga fruta ematen du, zuriak zuria eta japoniarrak beltza. Fruta gozoa da eta marmelada, muztio, xarabe, ardo eta abar egiteko erabiltzen da; beltzetik, jakien koloratzaile gorri bezala erabiltzen den antozianina sortzen da. Japoniarraren ale beltzak arbolean direnean, heldu eta erori aurretik gorri-gorriak dira, eta hostaje sarrian ia antzeman ere ez dira egiten. Baina lurrera erortzen direnean igarriko diozu bai. Azpian belarra edo lurra baldin badago, hor nonbait, baina Antillan bezala harlauza dotorezko espaloia bada kuxidade ederra egiten dute. Fruta ugaria da eta biguna, azukrez betea, eta arboletik hartzen dutenentzako ahogozagarri dena lurrera erortzean, dena lohi, dena lika, beste aho batzuetan kexa eta birao besterik ez da. Eta hondartza guztiko itzal ederrena fruta gozoek zikintzen dute.

Inguru horretako belaze, lorategi eta abarren mantenuaz arduratzen diren langileek eta udal arduradunek makina bat aldiz entzungo zuten fruta-lohitza horren gaineko kexakizunik. Baina arduradunek, arduraz jokatzeko ardura dutenek, kexuak jasotakoan irtenbiderik onenaren bila saiatzeko ardura ere badute. Arbolak ipurditik moztu baino lehenagokoak.

Kale-kalean zuhaitzak eta batez ere arbolak landatu behar direnean, fruta ahalik eta txikiena edo batere ematen ez dutenak hautatzea komeni da. Donostian, erdialdeko oinezko kale horietako batean ukabilaren tamainako udareak askatzen dituzten udareondo txinatarrak jarrita daude (Pyrus calleriana “Chanticleer”). Gure herrian espezie bera landatuta dago aparkaleku batean, eskerrak fruta ttikiak ematen dituen; hala ere udaretxo helduek autoetan eransten duten lirdingarekin kexu izaten da jendea.

Arbola eta zuhaitz antzuak sortzen ari dira horretarakoxe. Fruta gozoak sortzen duen enbarazuan “barka eragozpenak” esan beharrik ez izateko antzutasuna. Gora antzua!

Orioko Antilla hondartzako marugatzeenarentzat, bi irtenbide: marugatze zuri antzua (Morus alba “Fruitless”) landatu edo, onena, marugatzeak bertan utzi, eta azpiko espaloia udaletxe atarikoa bezalaxe egunero garbitu. Alde ederreko itzaleko bi espaloi...