Frederic Grochain preso kanaka hilik aurkitu dute, etxetik 17.000 kilometrora

  • 2024ko maiatzeko istiluetan atxilotuta, ordutik zegoen kartzelan, eta tarte horretan senideak ikusi gabekoa zen. 31 urte zituen eta autopsian agertu denari segi, tuberkulosia zuen. "Asaldura eta tristezia alimalea" adierazita, sistema judizial eta kartzela-sistema kolonialaren biktima" gisa oroitu du Grochain FLNKS alderdi independentista kanakak. EH Baik eta EH Bilduk salatu dute heriotza horretan Frantziako Gobernuak daukan ardura.

Tve.es

2026ko otsailaren 20an - 12:13
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Frederic Grochain preso kanaka zendu da Frantziako Varennes-le-Grand en Saône-et-Loire hiriko kartzelan, bere etxetik 17.000 kilometrotara. 2024ko maiatzeko istiluetan atxilotuta, ordutik zegoen kartzelan, eta tarte horretan senideak ikusi gabekoa zen. 31 urte zituen.

Autopsiak argitu du heriotza naturala izan dela, baina tuberkulosiaz kutsatuta eta seguruenik "osasun segipen eskasaren ondorioz" gertatu dela heriotza. Otsailaren 6an hil zen, baina senideek heriotzaren berri ukan zuten hortik hiru egunetara, kasualitatez, telefonoz: "Dosier horretako elementurik dramatikoenetako bat da: bere anaia bisita-baimena eskatzekotan egon zen. Astelehenean, otsailaren 9an, espetxearekin telefonoz harremanetan jarrita eman zioten anaiaren heriotzaren berri, heriotzatik hiru egunetara", jakinarazi du bere abokatu Julie Jarnok.

80 preso 17.000 kilometroetara

2024ko matxinaden ondorioz Kanaky irlako Noumeako presondegitik Metropolitar Frantziakoetara deportaturiko 80 presoen artean zegoen Grochain. 17.000 kilometrotako urruntze hori "biziki bortitza" izan dela salatu du abokatuak, argi utzita horrek ere eraginak dituela presoen osasunean.

"Sistema judizial eta kartzela-sistema kolonialaren biktima" gisa oroitu du Grochain FLNKS alderdi independentista kanakak. Kanakyko elkartasun komiteak zera adierazi du bere agirian: "Berehala sortzen zaizkigu hainbat galdera. Baina haren heriotzaren inguruabarrak edozein direla ere, ordena kolonialak hil egiten duela gogoratuko dugu etengabe, baita itxialdiak eta kartzelak hil egiten dutela ere. Kartzelaren isolamenduan eta iluntasunean irautea biziraupen psikologiko eta fisikoa baita, are gehiago kolonizazio egoera batean denean".

EH Baik eta EH Bilduk Frantziako Estatuaren erantzukizuna agerian utzi dute, Kanakyren dekolonizazioari begira daukan jarrera salatuta: "Frantziako Estatuak bere ikuspegi autoritarioan tematzen jarraitzen du. Bougival eta Oudinoteko testuak egiazko eztabaidarik eta berme argirik gabe inposatuz, independentisten ahotsak entzuteari uko egin eta impasse politiko batean sartu da". Auzi politiko horri aterabide bat atzemateko gisan, "elkarrizketa irekian eta adostasunean oinarrituriko jarrera arduratsua" galdetu diote Frantziako Gobernuari.


Kanaky herria kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.