argia.eus
INPRIMATU
Frantziako SNCFeko TER trenen zirkulazioa trabatua
  • Akitania Berriko eta orobat Frantzia Estatuko TER trenbideen zirkulazioa trabatua izaten ari da ostiral honetan. Trenen geldialdia ustekabekoa izan da, mugimendu sozial ezezagun baten eraginez. Trenen zirkulazioa murriztua izateko arrazoia, iragan asteazkenean Champagne-Ardenne eskualdean du jatorria.

ARGIA @argia 2019ko urriaren 18a

Frantziako Estatuko Garraioaren sekretario Jean-Baptiste Djebbariak adierazi duenez, mugimenduak “trafikoaren %25eko zirkulazioan eragin du”. Okzitaniako kasuan erabatekoa izaten ari da. TER trenik ez da ia zirkulatzen lurralde horretan.

Trenen zirkulazioa murriztua izateko arrazoia, iragan asteazkenean Champagne-Ardenne eskualdean du jatorria: TER tren batek bideko konboi baten aurka jo zuen pasabide batean “hiru zauritu” eraginez, SNFCeko bozeramaileak adierazi duenez, trenaren gidariak eta bi bidaiari ziren arinki zaurituta.

SUD-Rail sindikatuaren arabera, gidariak “bidaiariei laguntza ekarri behar izan zien”, bera bakarrik zegoela trenean. Halaber, CGT-Cheminots eta FO-Cheminots gogorki kritikatu dute lan moldea, gidaria baitzen treneko agente bakarra. Sindikatuek aspaldi salatu dute trenetan jarduten duten langileen edo agenteen –kontrolatzaileak oro har–  kopuru mugatua. Trenen zirkulazioaren murrizketaren atzetik ez da sindikaturik agertu, ez da “greba” deiarik izan. Horrek nahasmena sortu du Hexagonoan. Gobernuak ordea, hainbat sindikaturi egotzi die zirkulazioaren “perturbazioa”.

Mugimenduaren arrazoia eta zirkulazio murrizketa Ardenneseko Saint-Pierre-sur-Vence herrian gertatu zen istripuaren jatorrian daude. Goizean bidaiari asko trabatua izan da eguneroko bidaiak egiteko, eta antza denez, asteburuan ere tren zirkulazioaren murrizketek jarraituko dute.