732.000 sinadura baino gehiago bildu ditu uztailaren 7an diputatuek bozkaturiko lege proposamenaren kontrako petizioak. 500.000 sinadura baino gehiago bilduz gero, eztabaida berriz abiatzeko aukera dakar Frantziako legediak. Halakorik ez du onartu Legebiltzarreko legeen komisioak.
Arma erabiliko lukeen jendarmeari edo poliziari zilegizko defentsa presuntzioa bideratzearen alde bozkatu zuen Frantziako Legebiltzarrak uztailaren 7an. Herritarren artean kexua eta kezka piztu zituen urrats horrek, Poliziari "hiltzeko baimena" bideratuko diolakoan. Aurkako petizioak 500.000 izenpedura baino gehiago bildurik –zehazki, 732.000 sinaduraz gora–, Frantziako legediak dio testua berriz eztabaidatzeko aukera ireki daitekeela. Halakorik ez du egin, ordea, Frantziako Gobernuak eta behin betiko itxi du eztabaida.
Legebiltzarreko legeen komisioak du eztabaida demokratikoa baztertzearen alde egin: 35 diputatu agertu dira eztabaidaren aurka eta 21 alde. “Dagoeneko [eskaera honen] objektu nagusiaz hitz egin dugu. (…) Parlamentuaren botoa errespetatzen ez duen demokrazia batek uko egiten dio bere izaerari”, Éric Pauget eskuindarraren hitzetan.
2026ko ekainean aurkeztu zuen izenpedura bilketa 52 urteko Issam El Khalfaouik. 2021ean errepideko kontrol batean polizia batek hildako Souheil El Khalfaouiren aita da.
Uztailaren 7an bozkaturikoari segi, arma erabiliko lukeen jendarmeari edo poliziari zilegizko defentsa presuntzioa bideratzen zaio. Hori horrela, biktimaren esku geratzen da frogatzea tirokatzeko orduan legea urratu zela. Iaz, 49 pertsona hil zituen Frantziako Poliziak, eta aurten dagoeneko 22 hildako zenbatuta dira.
Senatarien esku geratzen da orain lege-proposamena, eta eskuina nagusi izanda testuak aitzina egin beharko luke. Horrela balitz, Konstituzio Kontseiluaren aurrera emanen lukete lege proposamena aurkariek.