Frantziako lehendakaritzarako lehen itzulia: Macronek bi muturrak dauzka parean

  • Orotara hamabi hautagai aurkeztu dira, tartean Emmanuel Macron gaur egungo presidentea. Macronen, eskuin muturreko Marine Le Pen-en eta ezker muturreko Jean-Luc Melenchonen artean aurreikusten da lehia.

Argazkia: Reuters

2022ko apirilaren 08an - 10:34

Izan COVID-19ak eragindako neurriengatik zein Ukrainako gerragatik, hauteskunde-kanpainaren giroa epela izan da eta beste bost urterentzat Frantziako presidentea bozkatzeko uneak ez ditu solasaldiak eta karrikak berotu. Baina heldu zaigu momentua eta igandean eginen da bozketa horren lehen itzulia. Bigarren itzulia, berriz, apirilaren 24an eginen da boto gehien bildu duten bi hautagaien artean.

Orotara, hamabi hautagai aurkezten dira: Emmanuel Macron (LREM) –gaur egungo lehendakaria–; eskuin muturrean, Marine Le Pen (RN) eta Eric Zemmour (REC); eskuinean, Valérie Pecresse (LR), Nicolas Dupont-Aignan (DLF); zentro eskuinean Jean Lassalle (RES); ezkerrean, Anne Hidalgo (PS), Yannick Jadot (EELV ekologistak); eta ezker muturrean, Jean-Luc Melenchon (LFI), Philippe Poutou (NPA), Nathalie Arthaud (LO) eta Fabien Roussel (PCF).

Zundaketei fidatuz gero –eta kontziente izanik eragiten dutela bozketarako eztabaida eta hautuetan–, balio du datu horiei begiratzeak. Emmanuel Macronek jasotzen du boto asmo gehien –%26– eta bigarren kokatzen da Marine Le Pen –%22–, hirugarren, berriz, Jean-Luc Melenchon –%17–. Ikusirik, Anne Hidalgo hautagai duen Alderdi Sozialista izugarri ahuldu egin dela azken urteetan eta Errepublikarrak eskuineko alderdi klasikoa ere ez doala azkar, aurreikusi daiteke hiru horien artean izanen dela lehia: gaur egungo presidentea eta parean eskuin muturra edo ezker muturra. 

Ikusteke dago hala ere eskuin muturreko Eric Zemmour hautagai ospetsuak nola eraginen duen Marine Le Penen aldeko botoetan. Botoak kenduko dizkio, duda gabe. Baina galdera da "zenbat?": bigarren itzulirako saltoa huts eginaraziko dio ala ez? Igande gauean ageriko da.

Nola ez, parte-hartzeak ere ukanen du eragin handia. Duela bost urteko lehen itzulian %22,23koa izan zen abstentzioa Frantziako Estatu mailan.

"Boto eraginkorra" lehen itzulitik

Orain arte batez ere bigarren itzulirako hitz egiten zen "boto eraginkorra"-z: bozkatzen dena gogoko/gogokoen ez bada ere, bere alde bozkatzea, parekoari bidea mozteko. Klasiko bat, Le Penen eskuin-muturra bigarren itzulira pasatzen den hauteskunde horietan.

Kontua da, aurten, lehen itzulitik ari dela jendea kalkulu horietan. Ezkerreko hautagaietan aniztasuna egonda ere, askok dute Jean-Luc Melenchon bozkatuko lehen itzulitik –aukeran beste baten alde eginen bazuten ere–, ezkerra bigarren itzulian kokatzeko "aukera bakarra" delako.

Gauza bera, eskuin muturrarentzat: badirudi Eric Zemmourrentzat bozkatzeko gogoa duten askok dutela Marine Le Peni botoa bideratuko, eskuin-muturra bigarren itzulira pasatzeko aukera delako.

Bozkatzeko joera hori ez dute begi onez ikusten bestelako hautagaiek eta iritzi politikoari segi bozkatzeko deia luzatzen die herritarrei.Gainera,  komunikabideetan leku gutxi jasotzen dute, "alderdi txiki" gisa ikusiak eta sailkatuak izanik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frantziako Gobernua
Elkarretaratzera eginen dute Baionan, Frantziako Ekonomia eta Etxebizitza ministroen bisitaren kari

Guillaume Kasbarian Etxebizitza ministroa eta Bruno Le Maire Ekonomia eta Finantza ministroa Baionan egonen dira ostiral honetan. Etxebizitza eskubidearen aldeko elkarretaratzera deitu du Herrian Bizi plataformak.


Ikasle euskaldunek Frantziako Legebiltzarrean euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu dute

Euskal Herriko 16 ikasle Parisen dira astearte honetan, euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu eta horretarako neurriak har ditzatela eskatu diete diputatuei, Frantziako Legebiltzarrean. “Urduri gaude, baina badakigu zer erran nahi dugun”, adierazi diote goizean... [+]


Frantziako Konstituzio Kontseiluak bertan behera utzi ditu Immigrazio Legearen neurri gogorrenak

Lege egitasmoak jasotzen dituen 86 neurrietatik 32 indargabetu ditu, hala nola familia batzeari jarritako oztopoak eta egonaldi irregularraren delitua. Eskuin muturraren bultzadarekin onartu zen legea.


Frantziako Asanblea Nazionalak Immigrazio legea onartu du ultraeskuinaren botoekin

Etorkinen eskubideak murriztuko dituen legeari buruzko akordioak krisia eragin du Macronen gobernuan, ultraeskuindarren babesa lortuta, eta Europar Batasunak ere migrazio eta asilo itunari buruzko akordioa itxi du.


Eguneraketa berriak daude