argia.eus
INPRIMATU
Frantziako inteligentzia zerbitzuak “terrorismoaren aurkako” ildoa indartuko du
  • 2008an sail bateratua bihurtu zenetik izan duen aldaketarik handiena egiten ari da Frantziako inteligentzia-aparatua Le Mondek argitaratu duenez. “Terrorismoaren aurkako” ildoa indartzea da birmoldaketaren helburua, nahiz eta seinalatutako bakarrak ezkerreko taldeak diren.

ARGIA @argia 2013ko urtarrilaren 31
Patrick Calvar, Frantziako inteligentziako buruzagi berria.

Mohamed Merah aferaren ondoren buruzagiz aldatu zuen Frantziako Barne Informazio Zuzendaritza Zentralak (DCRI frantsesezko sigletan): iazko ekainean izendatu zuten Patrick Calvar zuzendari Dominique Roulièren ordez. Izenik eman ez duen iturri batek Le Monderi adierazi dionez ez da hori izango Frantziako inteligentzian gertatuko den kargugabetze bakarra.

Organigramaz gain, norabidea ere aldatuko dela pentsatzeko motiboak badaude. Le Monden Laurent Borredonek idazten duenez, Frantziako Barne Ministro Manuel Vallsek 2012ko azaroaren 5ean izen-abizenak jarri zizkion xede-talde berriari: “Ultra-ezkerretik datozen indarkeria-motak, mugimendu anarkistak edo autonomoak” seinalatu zituen.