argia.eus
INPRIMATU
Frantziako Gobernuak bi aste gehiagoz luzatu du konfinamendua, apirilaren 15era arte
  • Apirilaren 15era arte luzatu du herritarren konfinamendua Frantziako Estatuak, gaur Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak iragarri duenez. Orain arte hamabost egunerako ezarritakoa bi aste gehiagoz luzatzeaz gain, salbuezpeneko egoera gehiago zabal lezakeela ohartarazi du "osasun egoerak hala eskatuz gero". Ipar Euskal Herriko biztanleak hartzen ditu neurriak.

ARGIA @argia 2020ko martxoaren 27a
Edouard Philippe Frantziako lehen ministroa konfinamenduaren luzatzea iragartzen.

Frantziako Estatuak populazioaren konfinamendua martxoaren 17an ezarri zuen eta datorren asteartean amaitzekoa zen. Hori luzaturik, herritarrei orain arteko arau berberak aplikatuko zaizkie eta debekatuta daukate etxetik ateratzea ez bada  lan edo osasun arrazoiengatik lekualdatu behar dutelako. Philippek adierazi du Gobernuak ezarritako konfinamenduaren helburua dela izurritearen hedapena geldiaraztea eta ospitaleek kasu larrien fluxuari "ahal den neurrian" aurre egin ahal izatea. Joan den asteartean Parisko Gobernuari aholku ematen dion Kontseilu Zientifikoak gomendatua zuen konfinamenduak "gutxienez sei astez" irautea.

Gaur egun, herritarrek etxetik ateratzekotan berekin eraman behar dute zinpeko aitorpen bat deklaratuz irtenaldiaren arrazoia: behar-beharrezko produktuak erosteko, etxebizitzaren inguruan ariketa fisikoa egiteko, pertsona ahulei laguntzeko edo lanera joateko, telelana egitea ezinezkoa dutenean.

Parisko agintariek adierazi dute konfinamenduaren lehen hamar egunetan 225.000 zigor baino gehiago ezarri dituztela. Lehenengo salaketak dakar 135 euroko isuna, 15 egunen barruan jasotako bigarrenak 1.500 eurokoa eta 30 eguneko epean hiru aldiz baino gehiagotan arauak urratuz gero zigorra 3.750 eurora irits daiteke, gehi sei hilabeteko espetxealdia nozitzeko arriskua.