Frantziako egun nazionalean, hirurehundik gora lagun manifestatu dira Ezpeletan. ‘Asimilazioa borrokatu’ lelopean, euskaldunak militantziara batzera deitu dituzte. EH Baik, bere aldetik, Euskal Herria iragartzen duen bide seinale bat jarri du Okzitania eta Euskal Herriaren arteko mugan, Baionako sarreran.
Uztailaren 14a Frantziako nazioaren egun ofiziala da; Ezpeletan (Lapurdi), ordea, salaketa eguna izan da. Hegaldiak, suziriak eta militarren desfilea beharrean, ikurrinak eta militanteen desfilea nagusitu dira. Izan ere, U14 kolektiboak deiturik, hirurehundik goiti lagunek protesta egin dute Asimilazioa borrokatu lelopean, Frantziako Estatuaren “izaera zapaltzailea” salatzeko. Kolektiboak argi du egun horrek “frantses naziotasuna” eta “ideologia kapitalista” bultzatzeaz gain, “Euskal Herriaren nazio zapalkuntza” elikatzen duela.
Kazeta.eus hedabideak jaso duenez, U14ko kideek erran dute frantziar nazioa “beste nazioen ukazioan eta zapalkuntzan” oinarritzen dela, eta nazio zapaldu horiek zerrendatu dituzte: bretainiarra, korsikarra, katalana, alsaziarra eta euskal herritarra. Kolektiboak nabarmendu du horrek ondorio kezkagarriak eragiten dituela: “Gure hizkuntzari etengabe eraso egiten diote, herri ttipiak husten ari dira, kontsumismoa eta prekarizazioa gaina hartzen ari dira, eta eskuin muturra alternatiba gisa nagusitzen ari da”.
Bortzgarren urtea da egun horretan protesta antolatzen duela U14 kolektiboak. Hastapeneko mobilizazioak Donibane Lohizunen (Lapurdi) egin bazituzten ere, iaz Ezpeletara mugitu ziren. Ez zen ausazko erabakia izan; U14ko kideek nabaritu dute lehen nagusiki kostako hiriei eragiten zieten arazoak barnealdean hedatzen ari direla; hala nola masa turismoa, bigarren etxebizitzak eta kulturaren merkantilizazioa. Gauza bera kontrol sozialari dagokionez, Kanbon eta Hazparnen (Lapurdi) instalatu dituzten kamerak adibide hartuta.
Turista andana zeuden terrazetatik igaro dira manifestariak, "Hau ez da Frantzia, Euskal Herria da" oihuka. Haien gibeletik hamar bat polizia furgoneta, eta istiluetarako jantziak ziren dozenaka polizia eduki dituzte, Berria egunkariak jaso duenez. Bukaerako hitzaldian, hain zuzen, U14ko kideek jasandako errepresioa izan dute hizpide, 2021ean sortu zenetik, hamalau atxiloketa egin baitira: "Gure praktika iraultzailea ez da Frantziako Estatuaren gustukoa, eta horrek erantzun bakar bat du: errepresioa".
Iazko data bereko mobilizazioagatik, lau militante atxilotu zituen Jendarmeriak urtarrilaren 6an. Kazeta.eus hedabidearen arabera, taldeko kideek harriduraz hartu zituzten atxiloketak, mobilizazioa inoizko "lasaiena" izan baitzen. Ekainaren 2an ziren Baionako auzitegian deklaratzekoak, baina azaroaren 17ra gibelatu dute.
Hitzaldian elkartasuna adierazi diete ere Ostiako, Euskal Herrian Euskaraz-eko eta Etorkinekin elkarteko kideei. Errepresioaren aitzinean, "frantziar inperioa jomugan" jarri eta "Euskal Herriaren askapena lortu arte" borrokan segitzeko konpromisoa hartu dute, eta, horretarako, dei egin diete euskaldunei “militantziara jauzi” egin dezaten.
EH Baik, bere aldetik, ekintza sinbolikoa egin du uztailaren 14aren harira: Euskal Herria iragartzen duen bide seinale bat jarri du Okzitaniaren eta Euskal Herriaren arteko mugan, Baionako sarreran.
Agiri batean, burujabetza handiagoa eskatu dute Ipar Euskal Herriarentzat, tartean autonomia estatutu bat onartzea, eta euskarari aitortza ofiziala ematea. Era berean, erakundeei dei egin die muga guzietan ezar ditzaten horren moduko panelak.