Frantzian gero eta aberats gehiago, eta gero eta aberatsago

  • Desberdintasun Sozialen Frantziako Behategiak argitaratu berri duen txostenaren arabera, Frantziako biztanleriaren %14ak gutxienez 4.300 euroko soldata du. Aberatsen artean profil argia nabarmentzen da: Parisen bizi den 45 urtetik goragoko gizon exekutiboa. Europako beste herrialdeekin alderatuta, gehiago irabazten dute Frantziako aberatsek.


2026ko ekainaren 5ean - 09:28
Azken eguneraketa: 11:34
Frantzian bizi diren 4,8 milioi pertsona aberatsak direla esan du Desberdintasun Sozialen Frantziako Behategiak. Guiajandoparis
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

4,8 milioi aberats bizi dira Frantzian; herrialdeko biztanleriaren %14a. Hala ondorioztatu du Desberdintasun Sozialen Frantziako Behategiak berriki argitaratutako txostenean. Hilero 4.300 euro kobratzen dute, bakoitzak. Erdiak baino gehiagok 45 urte baino gehiago ditu eta Parisen bizi dira asko. 

Txostenaren arabera, Frantziako 4,8 milioi pertsona aberatsak dira. Horrek zera esan nahi du: hilero, gutxienez, 4.292 euroko soldata irabazten duela pertsona horietako bakoitzak. Are gehiago, bikoteen kasuan, 6.500. 

Argia da aberatsen profila: 45 urtetik goragokoa, goi-karguduna eta gizona. Adinari dagokionez, 45 urtetik goragokoak dira (%73). Gehienak (%74) exekutiboak dira, baina enpresariak eta saltzaileak ere badira aberatsen artean (%13). Azken batean, geroz eta ibilbide profesional luzeagoa, orduan eta soldata altuagoa dute. Tartean sartzen dira ere herentziak. Gainera, gehien kobratzen dutenen %10 horren %69a gizonak dira. 

Txostenak bizilekua eta bizitzeko moduak ere jaso ditu. %35a Pariseko aglomerazioan bizi da, etxe handietan, gainerako biztanleentzat ezinezko bihurtzen ari dena prezio altuengatik. Hori gutxi ez, eta %40ak etxerako zerbitzuak ditu, hau da, garbiketa zerbitzua, umeen zaintza, eta abar. Hari beretik, gainerako herritarrak baino gehiagotan joaten dira oporretan urtero. 

Jabetza ere azpimarratzekoa da. Frantziako aberastasunaren batezbestekoa lau aldiz eskuratzen dute: 820.400 euro etxeko. Dena dela, Frantziako etxeen %6,5 inguru milioidunak badira ere, %0,6k bakarrik ordaintzen du ondasun higiezinen gaineko zerga. Puntu horretan sartzen dira multimilioidunak; Frantzian 145 daude.

Urteekin aberatsagoak

Azken 30 urteetan diru-sarreren eta aberastasunaren arteko diferentzia nabarmen hazi da, geroz eta agerikoagoa bihurtuta. Inflazioa kontuan hartuta, 1996 eta 2023 urteen artean, aberatsenen %10aren aberastasuna %24 hazi zen. Beste hitz batzuetan, haien bizi-maila azkarrago hazi da gainerako biztanleriarenarekin alderatuz gero. 

Txostenak ondorio argia atera du: Frantziako aberatsak geroz eta aberatsagoak dira, eta Europako beste herrialde batzuetan baino gehiago irabazten dute. 


Irakurri gehiago: Ekonomia
Ekonomia kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...