argia.eus
INPRIMATU
Frantziako 101 diputatu eta senatarik arma atomikoak debekatzeko erreferenduma eskatu dute
  • Frantziako legebiltzarreko 82 diputatu eta 19 senatarik sinatu dute –orain artean– arma atomikoen debekuaz herritarren iritzia erreferendum bidez galdetzeko eskaria. Horrekin sustatu nahi dute Nazio Batuen Erakundearen batzar nagusiak 2017an lehenbiziko aldiz debeku horretaz egingo duen debatea.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2016ko azaroaren 06a
Herritarren manifestazioa ekainean arma atomikoen debekuaz erreferenduma eskatuz Ile Longuen. (Argazkia: Pressenza)

Parlamentari ezkerreko eta ekologistek sinatu duen aldarriak dio hasieran: "Gizadiari, gaur bere duintasuna eta izatea bera mehatxaturik dauzkanari, zor zaio oinarrizko eskubidea: bizirauteko eskubidea, berekin dakarrena herriek beren biziraupenerako daukaten eskubidea. Eskubide honek berekin dakar debekatzea arma nuklearrak, suntsiketa masibozko, masakrezko eta gizadiaren aurkako krimen diren diren armak debekatzea. Milioika pertsona suntsitzea mehatxatzen dute, herri osoak, baita gizadia bera ere, zeren eta gerra nuklear batek lurra bizi ezinezko eremu bilakatu bailuke".

Nazio Batuen Erakundearen batzorde batek onartu berri du arma atomikoen debekuaren inguruko negoziaketak hastea 2017an, eta hala egitea aurrikusten da baldin eta NBEn Batzar Okorrak azkenean oniritzia ematen baldin badio. Orain arte asmo horren kontra egon dira potentzia handiak, arma nuklearrak dauzkatenak, tartean NATOko herrialdeak. Horregatik Frantziako Estatuan parlamentariok nahi dute herritarrei galde dakiela gai garrantzizko honetaz. Erreferenduma gauzatu dadin 185 diputatu eta senatariren sinadura bildu beharko ditu 2017ko udan amaitzen den legealdia agortu aitzin.