Emmanuel Macron presidenteak iragarri du besteak beste propultsio nuklearreko misil balistikoen urpeko ontzi berria eraikiko dutela –'Le Temeraire' deituko da. "Beharrezkoa delako" handituko du armategi nuklearra Frantziak, Macronen hitzetan.
"Mehatxuen aurrean disuasio nuklearra indartu beharra daukagu", adierazi du Frantziako presidenteak, Bretainiako L’île Longue-ko base militarrean emandako diskurtsoan. Armategi nuklearra handituko duela esan du, kopuru zehatzik eman gabe, ordea. Are, jakinarazi du gobernuak ez duela bere armategiaren tamainaz daturik emango, "iraganean gerta zitekeen ez bezala".
Macronek adierazi du honakoa ez dela "lasterketa bat", arma gehiago nork izan: "sekula ez da izan hori gure dotrina". Baina mundu geroz eta "arriskutsu eta ezegonkor honetan", beharrezkoa balitz arma nuklearrak baliatzeko prest agertu da. "Ohiz kanpoko arma honen jabe da gure herrialdea, gure defentsaren oinarria hura da. Aginte-katea oso argi dago, eta hura baliatzeko azken erabakia presidentearena da", ohartarazi du: "Beharrezkoa den erabakia hartuko dut, gure interesen defentsan". Eta gaineratu: "Arma nuklearra baliatuko bagenu, Estatutik ez legoke salbu. Gure urpeko ontzietako bakoitzak, Bigarren Mundu Gerran Europan erori ziren bonba guztiek adinako potentzia du, lehen bonba atomikoek halako mila".
Mehatxuak, estatu mailakoak ez baizik eta Europa mailakoak direla esan du Frantziako presidenteak, eta zentzu horretan, azaldu du Erresuma Batua, Polonia, Alemania, Grezia edota Belgika eurekin kolaboratzen ari direla, "disuasio" estrategien gainean. Hala, esaterako, arma nuklearrak dauzkaten hegazkin frantziarrek herrialde aliatu horietan operatu ahal izango lukete.