1794ko martxoaren 3an, Lapurdiko, Zuberoako eta Nafarroa Behereko biltzarrak, foruak eta parlamentuak indarrez deuseztatu zituztenetik lau urte eginda, Pariseko gobernu iraultzaileak Lapurdiko zenbait herritako biztanleen deportazioa izenpetu zuen, iraultzaren aurkakoak eta mugaz bestaldeko beste euskaldunekin bat eginik zirelakoan. Horrela Sara, Itsasu, Senpere, Ezpeleta, Azkaine, Kanbo, Makea, Lekorne, Luhuso eta beste zenbait herritako biztanleak, haien etxeetatik indarrez atera eta zenbait orga eta gurditan sarturik, Landeetara deportatu zituzten, inolako baliabide eta ondasunik gabe. Anartean, frantses iraultzaileen aldeko zenbait euskaldun doilor, Jean Martin Mundutegi uztariztar ustela horien artean, beraien etxez, ondasunez, aziendaz… jabetu ziren, sekulako negozioa eginez.
Ez dugu kalkulu zehatzik erraitekoz zenbat herritar eraman zituzten horrela, baina 4000 eta 10.000 mila pertsona artean izan zirela aipatzen dute iturri ezberdinek; eta horietako 1600 herritar deportazioaren eraginez hil zirela kalkulatzen da. Irailean, bizirik iraun zutenei itzultzeko baimena eman zieten, eta ordurako haien etxeetan ez zegoen deus, dena ebatsia eta kiskalia baitzen.
Frantziak Espainiari Konbentzioaren Gerla (1793-1795) deklaratu zionean, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko gizon askok uko egin zioten armadarako erreklutatuak izateari. Horrela, frantses armadak Ipar Euskal Herria indarrez okupatu zuen eta euskara iraultzaren kontrakotzat jo zuten, beste gauza ainitzen artean. 1794ko lehen hilabetetan, frantsesak euskal mutilak bahitzen eta haien armadan sartzen ahalegindu baziren ere, ainitz izan ziren mendietako bideetatik barna Nafarroara Garaira eta Gipuzkoara pasatu zirenak, edota portuetatik abiaturik, Ameriketara joan zirenak. Horrela, jakin badakigu, 1794ko otsailean Itsasuko berrogeita zazpi gaztek Baztanera ihes egin zutela.
Frantses iraultzaileak, gorrotoz eta amorrazioz beterik, Manex Etxeberri eta Taulo Garat izeneko itsasuiarrak preso hartu eta berrogeita zazpi mutilak Baztanera mendiz pasatu izana leporatu zieten. Gerora, 1794ko martxoaren 13an, Parisen gillotinatu zituzten.

Lehen aipatu dugun Jean Martin Mundutegi uztariztar negozio-gizon eta politikari iraultzailea izan zen deportazioaren bultzatzaile eta antolatzaile nagusienetako bat, bortxaz abandonatutako etxeetako ondasun eta kabalak bere egiten, diru franko egin zuena. Herritarrek, hori jakinki, mendekarien talde ibiltari bat antolatu zuten, deportazioaren errudunen eta harekin aberastu zirenen kontra eginez. 1796ko martxoaren 16ko gauaz, Mundutegik Uztaritzen zuen etxera hurbildu, eta ohean erdi biluzik zen negozio-gizon ustela kanpora atera eta sastakaiaz hebaindu egin zuten. Etxe aitzinean, odol putzu batean, erdi hilik, utzi zuten, baina mendekari horietako batek oraindik bizirik zela ikusiz, itzuli eta tiro bat buruan eman zion. “Burdinez hiltzen duena, burdinez hiltzen dute” dio gure atsotitz zahar batek, eta ongixko bete zen Mundutegi hiltzaile malapartatuarekin.