Nafarroako Igari, Bidankoze eta Erronkari herrien arteko errepideen eraikitze-lanetan bortxazko lanetan aritu behar izan zuten preso horiek. Memoriaren Bidean elkarteak, frankismoko presoen senideek eta Ceaqua Argentinako Kereila Babesteko Estatu Koordinakundeko ordezkariek eman dute pausoaren berri.
Nazioartetik jaso nahi dute Nafarroako eta Espainiako Estatuko auzitegietatik iritsi ez zaien aitortza. Frankismo garaian, esklabo lanean aritu behar izan zuten presoen senide batzuk badoaz aitzina, aitzinekoek pairaturikoa gizateriaren kontrako krimen gisa aitortua izateko gisan. NBEko Giza Eskubideen Batzordera jotzeko erabakia plazaratzeko prentsaurrekoa egin dute asteazkenean, Memoriaren Bidean elkarteak, frankismoko presoen senideek eta Ceaqua Argentinako Kereila Babesteko Estatu Koordinakundeko ordezkariek.
Nafarroako Igari, Bidankoze eta Erronkari herrien arteko errepideen eraikitze-lanetan bortxazko lanetan aritu behar izan zuten preso horiek. 1939ko uztailetik 1941eko ekainera bideratu zituzten obrak, eta 2.000 preso abertzale eta errepublikano baino gehiago aritu ziren beharturiko lan dorpe horretan. Nazioarteko Zuzenbideari segi, "preskribaezinak" eta "amnistiaezinak" dira delitu horiek, Ceaquako ordezkariaren arabera.
Ordu arte ukandako erantzuna saihesteko bidea ikusten dute, beraz, nazioarteko esparruan. Hain justu, Memoriaren Bidean elkartearekin batera, Agoizko epaitegira jo zuten 2023ko urrian senide batzuek, baina instrukzio epaileak moztu zien bidea, salatutako delituek preskribatu dutelakoan. Ez zuten amore eman eta hortik hilabete batzuetara, Nafarroako Auzitegira jo zuten lehenik, eta ondotik Espainiako Auzitegi Konstituzionalera. Baina erantzun bera jaso zuten, arrazoi beragatik, baita 1978ko Amnistia Legearen izenean ere. Espainiako Estatuak diktaduraren biktimak "merezi duten duintasunaz" tratatzen ez dituela deitoratu dute prentsaurrekoan.
Igari, Bidankoze eta Erronkari herrien arteko errepidea ez zen bakarra izan, eta garraiorako azpiegitura andana eraiki zituzten horrela, 1936ko gerrako presoen esplotazioari esker. Gehiegikeri horretaz idatzi zuen Frankismoaren biktimek zabaldutako bideak erreportajea Ander Leonek, ARGIAren 2.765 zenbakian.