Izara kendu eta Irungo mamua agertuko ote zen beldurrez igarri nituen hainbat entzule saioa hasi aurretik. Baina ez zen mamurik agertu Ipuruan. Munstro bat bai, ordea. Begi azpietan rimmel korritua eta bizkarrean lumak zituen munstro distiratsu bat. Esku batekin amari mezua bidaltzen zion bitartean, bestearekin bokadiloa jaten zuen munstro besarkagarri bat. Aldarri faxistadun hormak eta ordenagailu kuantikoak ostikadaz botatzeko gai zen sei buruko munstroa. Ez dizuet ukatuko: pozik irten nintzen kiroldegiko atetik. Saio izugarri on bat entzuteak gorputzean uzten duen arrasto ederrarekin.
Aurreko txapelketetan zein lehenengo faseko saioetan bakarkako gogoangarriak egin izan dituzten bertsolariak zeuden oholtzan. Baina buruz ikasteko moduko, gutxienez, hiru bakarkako entzun genituen arren, esango nuke, saioa hain ederra izan bazen, binakako ariketena izan zela ardura. Gutxi asko ofizio guztietan egon zen entzulea xarmatuta uzteko moduko zertzeladaren bat. Oro har zortziko txikiak izan ziren nire gustokoenak eta puntukakoak (alde handiarekin) gutxien gustatu zitzaizkidanak.
Zortziko txikiari buruz egingo dut berba, izan ere, ariketa horretan kantatu zen nire ustez saioko bertsoaldirik osoena izan zena (Alaia Martinen eta Nerea Ibarzabalen artekoa). Tandem perfektuan osatu zuten bertsoaldia finalista ohi (eta dena ondo bidean berriz finalean izango diren) biek. Gaiak iradokitzen zuen bezala, bere curriculum puztuaren berri eman zuen Martinek, eta hark esandakoak zentzugabeak zergatik ziren erantzuten zion Ibarzabalek. Azpimarratzekoak Martinek bideak zabaltzeko izan zuen gaitasuna eta Ibarzabalek hartutako erabakia: bertsokideari puntuz-puntu erantzutekoa. A priori, entzuleontzat erantzun biribilak jasotzearena zirraragarria bada ere, berdin da garrantzitsua ofizioaren noranzkoa markatzea eta elementuak ekartzea. Horregatik diot bikain aritu zirela biak. Ez da alferrik saioan puntu gehien bildu zituen bertsoaldia.
Horrez gain, zortziko txikia bi bertsolariren ariketarik onena izan zela esatera ere ausartuko nintzateke (Oihana Iguaran eta Nerea Elustondo). Miren Artetxerekin aritu zen Elustondo, sintomak Interneten begiratuta bere burua autodiagnostikatu zuen pazientearen ahotik. Osakidetzaren egoera txarra salatzeko baliatu zuen txisteek uzten zioten tartea; eta asko eskertzen diot hori. Artetxe medikuari halako plaza handian Mastitis eta BDSM berbak hain modu zentzuzkoan sartu eta denok barrez lehertzea eragin izana eskertzen diodan bezalaxe. Asier Azpirozekin aritu zen Iguaran. Tronpeta jotzen ikasten ari den aitarekin telefonoz ari zen alabaren lekutik. Hitz-jokoak egiteko eta arintasunetik ari denean ere arrazoi sendoak ekartzeko egindako lana, akaso, ñabardura aipagarrienak.
Bakarkakoei buruz beste 3.000 karaktere pozik idatziko nituzkeen arren, hiru titular baino ez zaizkit kabitzen: aho zabalik entzun nuen Martinen ariketa oso-osoa; noiz emango diote Ibarzabali film onenaren Oscar saria?; Artetxerena… Ene! Goizegi da oraindik Euskal Selekzioarekin jokatzetik benetako Euskal Herriko finalera sailkatzeko lehenenengo urrats sendoa egin duela esateko?
Azpirozi dagokionez, saioaren hasieran bertsokideak baino apalxeago aritu bazen ere, topatu zuen aho zapore onarekin bukatzeko modua. Bakarkakoak eta gero, hamarreko txikian entzun genuen saioko Azpirozik onena. Ederra izan zen Ibarzabalekin batera osatu zuen bertsoaldia, bertsozaleon memorian luzaro iraungo duen horietakoa.