Arabako Batzar Nagusietan foru arau bat onartu dute, 1944an Francisco Franco eta Emilio Mola militar kolpistei ezarritako Arabako titulu gorenak berme juridiko osoz baliorik gabe uzteko. Egungo “olatu erreakzionarioaren” aurrean keinu garrantzitsua dela uste dute ekimena bultzatu duten talde politikoek. Voxeko diputatuak kontra bozkatu du.
“Haize erreakzionarioak datoz eta garrantzitsua da hau onartzea, demokraziaren aldeko beste urrats bat delako”. Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko bozeramailearen hitzak dira, baina hori izan da behin eta berriz Arabako Batzar Nagusietan asteazken honetan talde politiko guztien ahotik entzun den ideia, Emilio Mola eta Francisco Franco jeneral kolpista eta faxistei ohorezko tituluak kentzea bozkatu denean.
1944ko apirilaren 28an, San Prudentzioren aldeko mezaren ostean, Arabako Diputazioak eta probintziako alkate frankistek solemnitate osoz erabaki zuten Francori “Probintziako Aita” eta “Ohorezko Diputatu Nagusia” tituluak ematea, eta ordurako zenduta zegoen Mola ere “Probintziako Aita” izendatzea. Franco, Franco, Franco… entzun zitekeen Diputazioaren Jauregian, Elkano, Pizarro edo Colón izenekin batera.
1944ko apirilaren 28an, San Prudentzioren aldeko mezaren ostean, Arabako Diputazioak eta probintziako alkate frankistek solemnitate osoz erabaki zuten Francori “Probintziako Aita” eta “Ohorezko Diputatu Nagusia” ematea
1936an kolpistek lurralde osoan odolez terrorea ezarri ostean –garai hartako diputazioko gestorako presidente Teodoro Olarte ere fusilatu zuten– erabaki zuten titulu goren horiek ematea gurutzadaren buruei.
Tituluak behin betiko baliogabetu
82 urte geroago, erabaki hori baliogabetu dute, EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Araba taldeek sustatuta. Asteazken honetan bozkatu dute ekimena, eta, 51 bototik 50 aldeko izan ditu –Voxeko diputatua soilik agertu da kontra–. Aspaldiko urteetan Batzar Nagusietan mozioak onartu izan dira titulu horiek kentzeko; baina azterketa juridikoak egin ondoren, ikusi da ez zutela legezko nahiko bermerik, eta oraingoan foru arau baten bidez behin betiko egin dute, Ramiro Gonzalez (EAJ) diputatu nagusiak El País egunkariari azaldu dionez.
“Faxismoa zirrikituetan barrena sartzen saiatzen ari den garai hauetan, egunez egun borrokatu behar da, atzerapausorik gabe”, aldarrikatu du Elkarrekin Arabako David Rodriguezek, palestinar zapia bizkarrean duela. Antzeko mezua bidali nahi izan du EAJko Joseba Ruiz de Galarretak: “Ultra-eskuina indarrean dator, eta ikusten ari gara batzuk berriz hasi direla Franco bezalako pertsonaiak goresten. AEBetan ikusi dugu polizia burua SS bat balitz bezala jantzita eta tiroka… Demokrazia aldarrikatzeko unea da”.
Baina askoz gehiago daude
Onartu den arauak hainbat artikulu ditu, tituluak baliogabetzeaz gain, aldundiaren erregistroetatik kenduko direla ziurtatzeko.
Gainera, Arabako Aldundiak ekimen paralelo bat ere jarri du martxan. Franco eta Mola ez ziren izan bakarrak tituluak eta sariak jasotzen eta “memoria historikoa aitortzeko legeak eta printzipio demokratikoak hausten dituzten ohore eta bereizketak berrikusteko eta kentzeko lanean” ari da, ohar bidez azaldu duenez. Virginia López de Maturana EHUko historialariari txostena agindu dio, frankismoan Araban eman ziren titulu eta meritu guztien inbentario bat egiteko.
Arabako Aldundiak ekimen paralelo bat ere jarri du martxan. Franco eta Mola ez ziren izan bakarrak tituluak eta sariak jasotzen. Tartean dago, adibidez, Camilo Alonso Vega diktaduran errepresioa ezarri zuen militarrari emandakoa
Tartean daude, adibidez, Camilo Alonso Vega diktaduran errepresioa ezarri zuen militarrari emandako titulua, baita Luis Martin Ballesteros gobernadore zibilari, Germán Gil y Yuste kapitain jeneralari edo “Flandes” batailoiari emandakoak ere, besteak beste.