François Ruffin: "Eta parlamentuak fabrikak bezala Bangladeshera deslokalizatuko bagenitu?"

  • Merci Patron! filmak irabazi du dokumental onenaren Frantziako Cesar sari nagusia. Domina jasotzeko ekitaldian François Ruffin zuzendari eta kazetari ezkertiarrak industriako enpleguen deslokalizazioa eta langileei ekarritako miseria salatu ditu, François Hollande lehendakariari eskatuz “ipurdia mugitzeko”.


2017ko otsailaren 27an - 11:42
François Ruffin kazetari eta zinegilea Cesar saria jaso osteko hitzalditxoa ematen: obreroek industriaren deslokalizazioarekin jasaten dutena salatzeko aukera ez zuen galdu..

Cesar sariaren ordez Goya irabazi balu Merci Patron!ek (Bernard Arnault balitz Florentino Perez eta Vincent Bolloré Juan Luis Cebrian) euskaldunok gure tertulia eta sare sozialetan horretaz ariko ginen, ez baitago herri galdeketarik gure buruak des-espainolduko dituenik.

Eta bai, show antologikoa burutu du Fakir aldiakariaren zuzendari Ruffinek Cesar saria eman diotenean, beheko bideoanikus daitekeenez. Ez galdetu zer den Merci Patron!, ARGIAn luze azaldu baikenuen. Baina hemen doaz Ruffinek saria hartzea esandakoak (azpian itzulpena osorik):

 

Aurkezlea: “Cesar saria, dokumentalen sailean, eman zaiona da… Merci Patron!, François Ruffinek egina.

Off-eko ahotsa: “Merci Patron! filmean François Ruffin abiatzen da lanik gabe geratu den familia baten kasutik, zorretan itota baitago lana ematen zien oihalgintza fabrika Polonia eraman zutelako. Hartuko dute helburu fabrikaren buruzagi Bernard Arnaud hunkitzea. Saritara aurkeztutako dokumentalen artean hau da ikusle gehien lortu duena, urte betean 500.000 jendek ikusi baitute saletan”.  

François Ruffin (kamisetan darama Vincent Bollore, Cesar sarien telebistako eskubideak dauzkan Canal+ kateko buruzagia): “Nire filmak aipatzen zuen fabrika bat Poloniara eraman zutena, atzean utziz kristoren miseria eta ezinegona. Eta gu hemen solasean ari garen bitartean, Amiens hiriko Whirpool fabrika, jantzien lehorgailuak ekoizten dituena, gauza bera ari da nozitzen, Poloniara baitaramate. Duela hamabost urte, ordurako Amiensen nintzen, arropen garbigailuak eraman zituzten Eslovakiara, Continental eraman zuten Errumaniara, Goodyear Poloniara… Badira hogeita hamar urte hau gertatzen dela altzarigintzan, oihalgintzan, kimikan, metalurgian eta denetan. Zergatik berdin hogeita hamar urte pasata ere? Obreroak harrapatzen dituelako, eta horiek ez zaizkio inori inporta.

Aktoreak balira, aktore errumaniarrekin konkurrentzian jarrita, arazoa berehala azalduko litzateke. Balira kazetariak… Kazetarien zergak ikutzen direnean, eztabaidak egoten dira, iritzi artikuluak egunkarietan. Baina imajina dezagun diputatuei gertatzea, esaten dutela diputatuak ez direla aski konpetitiboak. Diputatu frantses bakoitza kostatzen da hileko 7.610 euro, baina diputatu poloniar bat hileko 2.000. Baina pentsa, Bangladesheko diputatu bat hilean 164 euro kostatzen da. Pentsatu egun batean esaten dela: bihar Legebiltzarra Varsoviara deslokalizatu behar dugu. Berehala egongo lirateke eztabaidak parlamentuan, eta lege proposamen bat sortuko litzateke. Badira berrogei urte hori bera gertatzen zaiela obreroei eta inork ez du lege proposamenik egin. Zeren eta herrialde honetan egongo da jendea hortzik gabea baina batez ere daude buruzagi barrenik gabeak. Beraz, François Hollande jaunak oraintxe dauka aukera, agintaldia amaitzen ari zaionean, erakusteko bere arerioa finantza dela, agindu dezakeela, debekatu ditzakeela Whirlpool produktuak Frantziako eremuan. Atera dadila bere ahuldadetik eta mugi dezala ipurdia”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia krisia
Europako Banku Zentralak "erreforma estrukturalak" iragarri ditu, defentsarako gastuei aurre egiteko

Europako Banku Zentraleko lehendakari orde Luis de Guindosek Europak dituen "mehatxuez" hitz egin du Bartzelonan: "Berriz ere erreforma estrukturalen inguruan hitz egin behar dugu".


Analisia
Erreforma fiskala, oraingoz ezta ere

Atera berri dituzte zerga bilketaren datuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru ogasunek, eta ikusi dugu inoiz baino diru gehiago jaso dutela. Berehala iragarri dute erreforma fiskalari buruzko gogoetarako beharrezko tartea hartuko dutela, ez dagoelako presarik, ezta premia... [+]


2024ko europa neoliberalak, Schäubleren politika austerizida du ipar

Europar Batasuneko Ekonomia eta Finantza ministroen Ecofin kontseiluak arau fiskal zorrotzagoak ekarri dizkigu opari urte berriarekin. Pandemia ondorengo norabidea aldatu eta berriz ere inbertsio publikoa txikitzea eta herrialdeek murrizketak egin behar izatea ekarriko du... [+]


Bizitzaren garestitzeak etenik ez: argindarra, gasa, udal zergak eta autobideak, garestiago

Hego Euskal Herrian, egun indarrean dagoen neurri mesedegarri batek soilik jarraituko du aplikatzen, gutxienez ekainera arte: oinarrizko elikagaiei BEZik ez ordaintzea.


Austeritate politikak
Hau 2024 urtea da: ongi etorri Europa neoliberalaren "normaltasunera"

Europar Batasuneko 27 herrialdeetako ekonomia eta finantza ministroen kontseiluak arau fiskal zorrotzagoak ezartzea adostu du abenduaren 20an. Azken urteetako norabidea aldatu eta berriz ere inbertsio publikoa txikitzea eta herrialdeek murrizketak egin behar izatea ekarriko du... [+]


Eguneraketa berriak daude