Francori eta Molari ohorezko tituluak kenduko dizkiete Arabako Batzar Nagusiek

  • Francisco Franco diktadore frankistak eta Emilio Mola jeneral kolpistak ohorezko tituluak dituzte Araban, “Probintziaren Aita” dira, frankismoan ezarrita. PPk eta Voxek izan ezik, gainontzeko alderdiek (EAJ, PSE-EE, EH Bildu eta Elkarrekin) egin dute tituluak deuseztatzeko eskaera.


2026ko urtarrilaren 13an - 10:50
Azken eguneraketa: 11:51
Franco diktadorearen desfilea Gasteizen. PHOTO ARABA
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Astelehenean erregistratu dute titulu hori kentzeko foru araua Arabako Batzar Nagusietan. Gehienez hilabeteko epean bozkatuko dute, eta batzarkideen %80aren babesa izanik, aurrera aterako da, Alea.eus-eko kazetari Estitxu Ugartek dioen moduan.

Elkarrekin koalizioak egindako eskaerari erantzunez onartu dute lau alderdiek Franco eta Molari ohorezko tituluak kentzeko mozioa. Koalizioko bozeramaile David Rodriguez pozik agertu da, "oroimenaren, justiziaren eta demokraziaren beraren zapalketarekin" amaitu behar duen urrats hau ahalbidetu dutelako. Franco hil eta 50 urtera "diktadoreak eta haren akolito kolpistek" Araban aintzatespenak eta ohoreak izaten jarraitzen dutela-eta kexu agertu da Rodriguez.

EH Bilduk ere albiste ona dela dio, 47 urte "berandu" iritsi den arren. Koalizio abertzaleak galdera batzuk erregistratu ditu, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak argitu dezan erregimen frankistan emandako dominen, sarien, aitortzen eta ohorezko izendapenen erregistroa noiz egingo den. "Frankismoa diktadorearengandik askoz haratago joan zen erregimena izan zen", adierazi du EH bilduko bozeramaile Eva Lopez de Arroiabek. Eta, hori horrela, "ideologia frankistagatik pertsonei edo garai hartako erregimenarekin harremana edota lankidetza izan zutenei emandako izendapen guztiak garbitu behar dira".  


Frankismoa kanalean gehiago
2026ko otsailaren 19
Itzaletik Argira
Itzulera (1979)

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.