Francisco Letamendia ‘Ortzi’ hil da, abokatu, politikari, irakasle eta idazle abertzalea

  • Euskal Herriaren historia politiko garaikideari izugarrizko ekarpena egin zion Ortzik, Burgoseko Prozesuan abokatu, Madrilen diputatu edota EHUko irakasle gisa. 40 liburu ingururen egilea da, gehienak nazionalismoaren eta indarkeriaren ingurukoak. Ezkerreko militante abertzale historikoa 82 urte zituela hil da Bilboko erietxe batean.


2026ko apirilaren 27an - 10:41
Azken eguneraketa: 14:33
Dani Blanco. CC BY-SA
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Larunbatean hil zen Francisco Letamendia Ortzi, Bilbon, 82 urte zituela. Donostian jaio zen 1944an, eta ibilbide luzea izan zuen zuzenbidean, irakaskuntzan, idazkuntzan eta politikagintzan. Militante abertzale historikoa izatez arago, Euskal Herriko historia politiko garaikidearen dokumentatzaile eta protagonista izan da. Ezagutzen zutenek beti goraipatu dute Ortziren jakinduria, karisma eta irribarrea.

Zuzenbidea ikasi zuen Bartzelonan, eta gazte hasi zen abokatu laboralista gisa, baita euskal preso politikoen defentsan ere. 1970ean, 26 urte zituela, Burgosko Prozesuan jardun zuen, Burgosko Gobernu Militarraren egoitzan epaitu zituzten euskal preso politikoen defentsan. Horren ingurukoak idatzi zituen El Proceso de Euskadi en Burgos (Euskadiren prozesua Burgosen) liburuan, Miguel Castellsekin batera. Epaiketaren 50. urteurrenean iritzi artikulua sinatu zuen Ortzik Miguel Castells eta Pedro Ibarrarekin batera, ARGIAk pulikatu zuena. Prozesu horren ondorioz erbesteratu behar izan zen, lehendabizi Ipar Euskal Herrian, eta ondoren Parisen.

1975ean, Franco diktadorea hiltzear zela itzuli zen Letamendia Hego Euskal Herrira, eta orduantxe ekin zion ibilbide politiko profesionalari, Trantsizio betean. 1977an, EIA Euskal Iraultzarako Alderdiko militante zela, Euskadiko Ezkerraren Gipuzkoako barrutiko zerrendetan aurkeztuta, diputatu aukeratu zuten Espainiako Kongresurako. Bertan, 1978ko Espainiako Konstituzioa izango zenaren idazketa prozesuan parte hartu zuen, baina haren kontra bozkatu zuen, testuak ez baitzuen nazioen autodeterminazio eskubidea aintzat hartzen.

1977ko Amnistia Legearen aurka ere agertu zen, krimen frankistei zigorgabetasuna ematen zielako, eta uneoro euskal preso politikoen askatasuna aldarrikatzen jarraitu zuen. Legealdia bukatu aurretik eman zuen dimisioa, ukabila gora eta “Gora Euskadi askatuta! Gora Euskadi sozialista!” oihukatuta. Hurrengo legealdian Herri Batasuna alderdi sortu berritik hautatu zuten diputatu, 1979tik 1982rako legealdian, kargua hartu ez bazuen ere. 

Orduan, politikagintza profesionala alde batera utzi zuen, judizialki jazartua, hainbat prozesu zituelako irekita. Klima horretatik urruntzeko 1982an Ortzi Parisera joan zen bizitzera, eta Herri Batasunatik aldendu bazen ere, ez zuen abertzaletasuna inoiz abandonatuko. Beranduago EH Bilduren alde agertu zen, eta alderdiaren hainbat ekitaldi politikotan parte hartu zuen.

Pariseko bigarren erbestealdian ekin zion ibilbide akademikori. Paris VIII unibertsitatean Euskal Historiari buruz jardun zuen, nazionalismoaren eta indarkeriaren bueltan. Ondoren, Euskal Herrian bueltan zela, EHUko Zientzia Politikoetako irakasle gisa aritu zen, baita ikerkuntzan eta idazketan ere. Aurrerago, XXI mendean sartzearekin batera, Politika Zientzietako katedra eskuratzeko Edurne Uriarterekin polemika izan zuen.

Ortzik politikagintzan egindako ibilbidea harro gogoratzen bazuen ere, Euskal Herriari egin zion ekarpen nagusia pentsalari eta akademiko gisa egindako lana izan zen. Horren erakusgarri dira idatzitako liburu guztiak, 40 inguru. Gehienak Euskal Herriaren historia politikoari buruzkoak, hala nola, dimentsio handiena duen Historia del nacionalismo vasco y de ETA (Euskadiko historia: euskal nazionalismoa eta ETA), 1994koa.


Irakurri gehiago: Euskal Herria Politika Historia
Euskal Herria kanalean gehiago
2026ko maiatzaren 20
Kateak

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.