Foruzaingoaren 1.200 lanpostutik soilik lautan baloratuko dute euskara modu espezifikoan, ELAk salatu duenez

  • Merituen dekretuaren ondorioz, ELAk salatu du euskararen balorazioa “oso bazterrekoa” izango dela Foruzaingoan. Sindikatuak adierazi du zerbitzu publikoak jatorriko hizkuntzetan emateak ez lukeela departamentu bakoitzaren borondate politikoaren mende egon behar, “legez blindatu” beharko litzatekeela baizik.


2026ko apirilaren 23an - 10:19
Azken eguneraketa: 15:07
Asteazkenean ELAk protesta egin zuen Nafarroako Gobernuaren ELA
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

2024an, duela urte eta erdi, merezimenduen dekretua onartu zuen Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Administrazio Publikoan lanpostuak eskuratzeko prozesuetan merituak, bereziki hizkuntzak, nola baloratzen diren arautzen duena. Soka ekarri zuen neurriak. ELAk orduan seinalatu zuen dekretuak departamentu bakoitzari “tarte zabala” ematen ziola “interpretazio murriztaileak eta arbitrarioak egiteko” euskara baloratuko zen plaza-kopurua ezartzerakoan. Sindikatuaren arabera, dekretuak euskararen normalizaziorako kaltegarriak izan zitezkeen interpretazioak ekar zitzakeen, ez baitzuen aurreikusten departamentu bakoitzari hizkuntza baloratzeko gutxieneko plaza batzuk exijitzea. Orain, aurreikuspenak bete dira: Barne Departamentuaren menpekoak diren Foruzaingoko lanpostuetan euskararen balorazioa “oso bazterrekoa” izango dela salatu du ELAk.

Sindikatuak eman dituen datuen arabera, Foruzaingoan dauden 1.200 plazetatik 314tan hartuko dira kontuan hizkuntzak, baina euskara, modu espezifikoan, soilik lautan. Alegia, plazen % 0,33an. 120 plazatan ingelesa, frantsesa eta alemana baloratuko dira, baina ez euskara. Gainerako 190 plazetan euskara baloratuko da ingelesa, frantsesa eta alemanaren pare. Gauzak horrela, hizkuntzak baloratuko diren plazen % 38,22an, euskara ez da kontuan hartuko. Eta euskara, hizkuntza komunitarioekin batera, Foruzaingoko plaza guztien % 15,83an bakarrik baloratuko da.

Merezimenduen dekretuaren  kontra agertu da ELA berriz ere. Salatu du zerbitzu publikoak jatorriko hizkuntzetan emateak ez lukeela departamentu bakoitzaren borondate politikoaren mende egon behar. Kontrara, defendatu du Nafarroako herritarren hizkuntza eskubideak “lege bidez eta, bitartean, beste dekretu baten bidez” blindatu beharko liratekeela. Horregatik, sindikatuak Nafarroako Gobernuari exigitu dio hizkuntza eskubideak errespetatzea eta euskara aintzat hartzea.


Hizkuntza eskubideak kanalean gehiago
2026ko martxoaren 24
4. eta 5. egunak | KRONIKA
Euskaldunok, desobedientziara kondenatuta?

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.