Fortuna handiei zerga ezarri eta diru hori –803 milioi euro inguru– hezkuntzara bideratzea, zehazki eskola publikoetako ziklo jakinetan ratioak erdira jaistera. Danimarkako lehen ministroak agindutako neurriak zalaparta sortu du herrialdean.
Hauteskunde orokorren atarian egin du iragarpena Danimarkako lehen ministro Mette Frederiksen-ek, eta proposamena betetzeko asmoa duela iritzi diote politikan adituek. %0,5eko zerga berezia ezarri nahi die ondaretan 25 milioi koro daniar (2,3 milioi euro) baino gehiago dituzten herritarrei, alegia, 22.000 bat pertsonari, eta horrekin aurreikusi dute 803 milioi euro inguru jasoko dituela. “%1 aberatsenak daniarren aberastasun guztiaren laurden bat duenean, egoera desorekatuegia da”, esan du Frederiksenek, 1997an indargabetu zuten zerga berrezartzea argudiatzeko.
Nabarmentzekoa da diru hori zertan erabiliko duen zehaztu duela lehen ministroak: hezkuntza publikoa indartzera bideratuko da, “denentzako kalitatezko hezkuntza” helburu. Fortuna handien gaineko zergarekin, besteak beste, Lehen Hezkuntzan 6-9 urteko ikasgeletan ratioak 26 ikasletik 14ra jaitsi nahi ditu ministroak, eskolek “egun dituzten arazo handiei” aurre egiteko, hala nola irakasle eskasia eta premia bereziko ikasleen inklusioa. Irakasle bakoitzak ikasle talde txikiagoa izanik, arreta handiagoa bermatzea da helburua. Anbizio handiko neurritzat hartu da proposamena.
Fortuna handien gaineko zergaren gaia ateratzen den aldiro gertatu den moduan, herrialdeko aberatsak kexu agertu dira, eta ohiko mehatxuak errepikatu dituzte: herrialdea utziko dutela, Danimarkaren ekonomiarentzat kaltegarria izango dela, enpresek lehiakortasuna galduko dutela…
Ezkerreranzko biraketa gisa, edo keinu gisa, irakurri dute Mette Frederiksen-en jokaldia. Zentroko alderdien koalizioaren liderra izan da orain arte, eta datozen urteetan gobernu aurrerakoiagoa osatu lezakeela diote politologoek. Kontuak kontu, migrazioa bezalako arloetan orain arteko politika gogorrak mantendu nahi ditu.