Formula matematiko maia baten esanahia eta egilea argitu dituzte

  • Duela 1200 urte inguru idatzitako hieroglifiko batzuetan matematikari eta astronomo maia baten izena topatu dute, formula matematikoekin batera.


2026ko abuztuaren 19an - 11:08
Hieroglifiko-sortak L itxura eta 10 cm-ko luzera du. D. Rossi /Antiquity
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Formula matematikoak topatu dituzte Guatemalako maien Xultun aztarnategian eta haien egilea ere identifikatu dute: Sak Tahn Waax (Bular Zuriko Azeria). 2011n hango ganbera bat induskatu zuten, eta giza figurak eta testu hieroglifikoak topatu zituzten barruko paretetan. Egileak hieroglifiko horiek arakatzen ibili dira, eta uste dute ganbera hori K. o. VIII. mendeko eskriben lan-eremua zela.

Zehazki, hieroglifiko-sorta bat aztertu zuten, “19 testua” izendatua. Hieroglifiko-sorta horrek L itxura eta 10 cm-ko luzera du, eta 11 hieroglifikoz osatuta dago. Ikertzaileak ohartu ziren lehenengo 9 hieroglifikoek kalkulu bat kodifikatzen zutela, Venusen eta Marteren ziklo astronomikoak, eguzki-urtea eta hainbat erritu-egutegi lotzen zituena.

Horretaz gain, 10. hieroglifikoak “horrela dio” esan nahi zuela ondorioztatu zuten, eta azken hieroglifikoa, berriz, izen bati zegokiola: Sak Tahn Waax, maia klasikoan “Bular Zuriko Azeria” esan nahi duena. Azken inskripzio horiek iradokitzen dute pertsona horrek bere buruari aitortu ziola kalkuluaren egiletza. Ikertzaileek azaldutakoaren arabera, gizonezko izen bat da, ez baitu aurrizkirik, eta emakume-izenek aurrizkia behar baitzuten.

Ez da aztarnategi maia batean topatzen den lehen formula matematikoa, baina bai egilea ere jasotzen duen lehena. Orain arte, ez zen ezagutzen matematikari eta astronomo maien izenik.

Gainera, inskribatutako formula matematikoen konplexutasuna nabarmendu dute egileek, aitzindariak baitira zibilizazio garaikideen matematikarekin alderatuz gero. Uste dute hieroglifiko horiek trebetasun matematikoaren demostrazio bat direla eta erakusten dutela maiek, batzuetan, plazer hutsagatik egiten zutela matematika.


Irakurri gehiago: Historia Guatemala Nazioartea Amerika
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...