Israelek bahituta zituen azken bi ekintzaileak deportatu ditu, eta Flotillak aurrera jarraitzen du

  • Saif Abukeshek eta Thiago Ávila Global Sumud Flotillako kideak deportatu ditu Israelek igandean. Atxilo zituzten bitartean torturak eta tratu txarrak jasan dituztela salatu dute. Flotillaren euskal ordezkaritzak jakinarazi du ekimenak aurrera jarraitzen duela, eta mobilizazioetan parte hartzeko deia zabaldu dute.


2026ko maiatzaren 11n - 10:19
Azken eguneraketa: 11:49
Global Sumud Flotilla
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Iragan apirilaren 30ean Israelek Gazara bidean zihoan Flotilla bahitu zuen, eta 177 ekintzaile atxilotzeari ekin zion. Horietako bi, Saif Abukeshek eta Thiago Ávila, Israelek bahituta pasatu dituzte sei egun, eta gose greban izan dira maiatzaren 1ean atxilotu zituztenetik. Abukeshekek egarri greba ere hasi zuen maiatzaren 7an, bere bahiketaren luzapena salatzeko. Atxiloaldian torturatu zituztela salatu dute bi ekintzaileek, eta jakitera eman dute intentsitate handiko argia jasatera behartu zituztela eguneko 24 orduetan. Igandean Israelek bi presoak askatu eta deportatuko zituela jakinarazi zuen.

Hori guztia, eta flotillaren bahiketa ilegala salatzeko, lau euskal ekintzailek gose greba hasi zuten larunbatean: Patxi Calleirasek eta Lander Aurrekoetxeak Iruñeko Katakrak liburu dendan, eta Begoña Niñok eta Arantza Gortxik Bilboko Atxuri auzoko lokal batean. Igandean, baina, Global Sumud Euskal Herriko lau kideek gose grebari amaiera ematea erabaki dute, Saif eta Thiago dagoeneko deportatu dituztelako.

Aurrekoetxeak azaldu du zergatik eta zertarako hasi zuten gose greba: "Israelgo agintarien erabakia pirateria ekintza bat izan zen". Izan ere, Israelek Flotillako ontziak nazioarteko urtetan geldiarazi zituen, Israelgo kostatik 700 miliatara –1.300 kilometro ingurura– . Gainera, Flotillaren helburua Gazara laguntza humanitarioa eramatea izanik, nazioarteko zuzenbidea "larri urratu" zuela dio Aurrekoetxeak.

Saif Abukeshek, palestinar jatorriko ekintzaile kataluniarra, Bartzelonan da dagoeneko, Israelgo agintariek askatu ostean. Igande arratsaldean lurreratu bezain pronto, jende andanak jaso zuen Abukashek aireportuan, "Palestina askatu" oihu artean. Bertan, ekintzaileak adierazi du "maletak berriro egingo" dituela, eta Turkian dauden flotillako bere kideekin elkartzeko asmoa duela. Ohartarazi du bere liberazioa ez dela "garaipena" izan, atzean milaka preso palestinar geratzen baitira, "torturatuak eta bortxatuak, inolako defentsarik gabe"; eta mobilizatzen jarraitzeko deia egin du. Thiago Avila ere askatu dute Israelgo atxiloalditik. Momentuotan Egipton dago, Brasilera deportatua izateko zain.

Global Sumud Flotillako kideek gogorarazi dute 9.000 bahitu palestinar baino gehiago daudela Israelen eskuetan, horietatik 350 adingabeak. Gainera, salatu dute heriotza-zigorrak indarrean jarraitzen duela palestinarrentzat.

Flotilla aurrera doa

Global Sumud Flotillako euskal delegazioak jakitera eman du Global Sumud ekimenak aurrera jarraitzen duela. Alde batetik, itsasoz, Euskal Herriko ordezkaritzako zazpi kiderekin. Bestetik, lurretik ere Israelek Gazaren gainean duen blokeoa apurtzen saiatuko dira. Lurreko ekimenean euskaldun bat dago, momentuotan Libian, eta maiatzaren 14an Afrikako iparraldea zeharkatzen ari den konboiarekin bat egingo du.

Halaber, gogoratu dute aste honetan Nakbaren urteurrena dela, eta mobilizazioetan parte hartzeko eta Global Sumud Flotillaren ibilbideari adi egoteko deia egiten dute.

 


2026ko ekainaren 2
Haizea Ziluaga Larreategi, Global Sumud Flotillaren abokatua
“Bingen Zupiria epaitegian deklaratzera deitu beharko lukete”

2026ko maiatzaren 26
Global Sumud Euskal Herriaren mobilizazioa Eusko Legebiltzarraren aurrean
“Gezur hutsa da Ertzaintza probokatu genuela, eta munduak hori badaki”

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.