Flotillan hiltzea

  • Irten berri da flotilla Turkiatik Gazarantz. Bertan doaz hainbat euskal herritar eta horien artean dago Hegoa Bengoa. Artikulu hau bidali du ARGIAra.

     


2026ko maiatzaren 14an - 16:36
Flotilla Turkiako kostaldetik atera da Gazarantz.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ekintza honetan gure bizitzak arriskuan jartzen ditugulako dugu arreta, seigarren lerroa da gurea. Lehenengoak Palestinan daude. Hamabost urte nituela aitak emandako gomendioa betetzen ahalegindu naiz, han eta hemen militatzen hasi nintzenetik: egon zaitez, baina lehen lerroan ez. Belaontzira igo nintzen lehen momentutik, heriotza ikusi dut izkina guztietan, denak hiltzen ziren pelikula horretan bezala, Everestera igotzeko gogoen ondorioz arriskuak non zeuden ez zutenean neurtu. Nabigazio momentu lasai eta idilikoetan, ilunabarra gibelean dugunean, kapitainak, nahigabe, holako musika bat jartzen zuen, pelikuletakoen antzerakoa, minutu gutxitan denak jota hilik eroriko ginela irudikatzen duten horietakoa. Duela 60 urteko txatarretan goazela, itsasoz inguratuta, Opem Arms hor egoteak lasaitasuna ematen zuen; segurtasun horretara ohituta nengoela; iritsi da, ordea, eguna non ez diren gehiago gure ondoan egongo. Beraien bukea sionisten esku galtzeak, zurien bakantzetako Mediterraneo honetan bizitza gehiago galtzea ekarriko lukeelako. Itoitzeko urtegiko borrokan bezala, Greenpace ere gibelean geratu zaigu. Izorratuko lidake Europako militarren eskua hartu behar izatea gero eta gertuago dagoen interbentzioan, uzten bagaituzte jitoan, Adur eta Jotasi gertatu bezala, ontzia txikituta.

Sionisten lagunen bukeak blokeatzeko ekintzan, nire ontzikideen erabakiarekin bat eginez, aurrera egin nuen. Makrobarku hori guregana biratu zela ikusi nuenean, ikusi nuen gure gainetik zeinen erraz pasa zitekeen ere. Erdian jartzearen errua gurea baitzen, bat-batean gelditu ezin duen buke batentzat. Behin ekintza pasata, sentitu nuen arriskua ez zela hainbestekoa izan… hurrengoa gauez izango zela esan ziguten arte. Zer esanik ez, gerra bizian dagoen Palestina, Libano eta Irango lurrera hurbiltzen ari garenean. Berro eta Beartzuneko inauterietako kapelu gorri eta zuria hartu nuen eguzkitik babesteko, buruan neramana Libanoko bandera zela jakin gabe. Espero dut frankotiratzailerik ez izatea, nire burua tiro batez lehertzen lehenengoa izango delako. Broma da aita, hau ez da pasako. Turkiatik atera aurreko azken bilkura orokorrean ere, Utøyako irlako itxura zuen horrek. 

Beldurragatik ekintza uzten dutenen arrazoiak entzuteak ez dute laguntzen, baina gogorra izaten jarraitzen du ikusteak jendeak ez duela jarraitzen. Noski, aukera eman behar zaio jarraitu nahi ez duenari bere erabaki hartzeko baina, hor geratzen garenoi, berriz ere barneak nahasten zaizkigu. Gelditzen garen bakoitzean jendea joaten da, ekintza luzatzeak arreta mediatikoa ekartzen du baina, harremanetan bezala, indarrak bukaerarako ere gorde behar dira. Eskerrak badugula aurrera jarraitzen dutenen eta etxekoen aurrera jarraitzeko babesaren indarra. Azken babes hau ez zutenentzat aise zailagoa izan da, bestela galdetu Adur, Lander edo Lukari. Arriskua ere kriba bat da, jendea ezagutu, ligatu edo militantziako boterea izan nahi duenarentzat. Hemen ez dago walkie talkie-rik, antolakuntzan inportantea zarelako erakusteko, bileretako edo mitinetako hitzartze ponposoek ere ez dute ekarpen handirik ekarriko. Ekintzarekiko lotura erabatekoa da, jarraitzea, segitzea.

Duela hamabost urte bezala Euskal Herriko militantzian, beste hamabost urteko kartzela zigorraren arriskuan ginenen inplikazioa ez da egun ikusten dena. Flotillan gaudenok onartu dugu, momenturen batean, ekintzan hil gaitezkeela. Noski, nik ez dut bertan hil nahi. V for Vendetaren pelikulan, neska rapatuak beldur hau erabat galtzen duenean erabateko libertatea lortzen du. Nik ez dut erabat gainditu, Israelen atxiloketa ikusita, garbi dudalako ez gaituztela hilko, aurrekoan ez zutelako egin. Duela hamasei urte flotillako hamar lagun hil zituzten, ez zuen oihartzun gehiegirik izan (edo, niregana behintzat, ez zen berri hori iritsi). Gurekin nabigatzen duten batzuek ez dute heriotza hau ahaztu, beraien lagun eta anaiak galdu zituztelako. Israelgo Gobernuak ederki daki aise hobeto dela zuriak ongi zaindu bitartean, Palestinako jendea hiltzen jarraitzea, beraien irudia zuritzen delako. Hiltzeko beldurrari, ekintza hasi aurretik Arantzak errandako hitzak burutik ezin kenduz jarraitzen dut: sionisten esku bizitza galtzea onartu bazuen ere, bera bortxatzearen beldurra gainditu gabe aurrera egin zuela ikusita. Atzo gure itsasontziko emakume bakarrak eskatu zigunean guk ezer ez egiteko interbentzioaren momentuan militarrek bera bakarrik barku barnera sartuko balute... mutu geratu nintzen. Nahi nuke V for Vendeta filmeko esaldi hori egia bilakatzea, flotilla gure herriko kaleak lehertzeko metxa bilakatzea… baina hori ez da gertatuko. Hemen erre eta lehertuko diren bakarrak Palestinako gorputz eta etxeak izango dira. Niri hilabete batez heriotzetik hain gertu egotearen gogortasun hau da, mila aldiz biderkatuta, Gazako bizilagunen baliorik gabeko bizitza. 

Eta zein arraio da genozidio hau gelditzeko modua? Sionista denak hiltzea? Palestinako herritarrak hiltzea baino, hori nahiago! Baina ze gobernu, Frente Popular de Judea edo norbanako dago hori egiteko prest? Gure lurrak israeldarrei ematea palestinarrak beraiena berreskuratzeko? Palestinako biztanleei gure herrietan harrera egitea? Nor dago prest bere etxeko logela libre horretan gerratik ihesi doan pertsona bat sartzeko? Eroskietako Coca-Cola botila denak zulatzea da bidea? Sionistak mundutik turismo egitera datozenean, kolpeka muturra txikitzea? Urtean behin dirutza gastatzea Meditarraneotik kruzero-protesta bat egiten?

Boh, itsasoan burua gatzen ari naiz, baina Gaza ezin dugu galdu!

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Iritzia
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.