Flotillako hamar kidek hogei egun daramatzate bahituta Libian, kontaktu edo defentsa eskubiderik gabe

  • Global Sumud Flotilla ekimeneko lurreko konboiaren helburua Afrika iparraldetik Gazara iristea zen, batetik, laguntza humanitarioa eramateko, eta bestetik, Israelek aurrera daraman blokeoa amaitzeko. Sirten (Libia) zirela, baina, bidea itxi zien Haftarren gobernuak, eta Flotillako hamar pertsonako talde negoziatzailea bahitu zuen maiatzaren 24an. Orduz geroztik, hogei egun eman dituzte isolatuta: dei bakarra egin ahal izan dute, ez dute defentsa eskubiderik eta ziurgabetasun handia dago haien inguruan. Egoeraren larritasunaren berri eman digu Haizea Urkixok, Flotillaren lurreko konboi hartan zihoan Euskal Herriko ordezkariak. Egun haiek zehaztasun handiarekin deskribatzeaz gain, gure gobernuei besoak gurutzatuta ez gelditzeko exijitu die, eta gizarte zibilak presio egiteko duen ahalmena azpimarratu digu.

Lurreko konboia geldirik Siriako militarren kontrol-gune batean. Global Sumud Flotilla

2026ko ekainaren 12an - 10:28
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Nor dira Sirteko hamarrak?
Global Sumud Flotilla ekimeneko lurreko konboian parte hartu duten askotariko herrialdetako lagunak dira: medikuak, aktibistak… finean, gizarte zibileko pertsonak. Hamar pertsonako talde hori konboian ginela izendatu genituen talde negoziatzaile gisa. Bahituak izan aurretik, bi aldiz joan ziren negoziatzera, eta hirugarrengoan bahitu zituzten. Orduz geroztik hogei egun igaro dira.

Zein zen zuen egoera atxilotu zituztenean?
Libiaren testuingurua kontuan izan behar da. Libia bitan dago banatuta, eta bi gobernuak boterearen lehian ari dira, hainbat miliziaren laguntzarekin: mendebaldeko Libiak hiriburua Tripolin du, eta NBEk sostengatzen du milizia batzuen laguntzarekin. Bestea, ekialdekoa, Jalifa Haftar Libiako indar armatuen komandantearen esku dago. Guk uste genuen Haftarren erregimena Egiptoren esanetara dagoela, baina dirudienez, ez da hala. Aldiz, Israelen laguntza jasotzen du, Arabiar Emirerri Batuen bidez. Mendebaldeko herrialdeek ez dute ekialdeko Libia aitortzen, baina horren bila dabil Haftar, eta petrolio-eskubideak negoziatzearen bitartez lortu nahi du. Esaterako, Repsolek duela gutxi irabazi zuen kontratua bertan.

Gu mendebaldetik ekialdera gindoazen, baina traba genuen Haftarren kontrolpeko lurraldera pasatzeko. Han, checkpoint bat dute Sirte hiria baino zertxobait lehenago, eta muga horren alde bakoitzean bost kilometroko eremu desmilitarizatua dago. Armarik gabeko eremua da hori, funtsean, gerra zibila saihesteko sortu zutena.

Tripoli alboko akanpaleku batean ginen gu, ezin mugitu, eta aurrera egin ahal izateko negoziaketak prestatzen. Kontu handiarekin ibili ginen, izan ere, presio handiak eta boikot saiakerak jasan genituen, negoziaketak kaltetzea bilatu zutenak.

Nolakoak izan ziren negoziaketak?
Lehenengoa nahiko ondo joan zen. Checkpoint-ean bildu ziren Haftarren militarrak eta izendatu genuen hamar laguneko talde negoziatzailea, Ilargi Gorria tartean zela. Hasiera batean, Ilargi Gorriko kideak gurekin etorriko ziren Gazaraino bide osoan, eta hala hitzartuta genuen. Horrek bermea ematen zigun Sirteko muga eta Egiptoko sarrera igaro ahal izateko. Kontua da lehen kanpalekutik bigarrenera abiatu ginenean jakinarazi zutela Ilargi Gorria ez zela gurekin etorriko; izan ere, Libia ekialdean Ilargi Gorria erabat lotuta dago Haftarren gobernuarekin.

Hori bazenekiten hasieratik?
Bai, bagenekien. Baina Ilargi Gorria erakunde independentea da, eta teorian behintzat ez du ezein gobernuekin bat egiten. Hor bagenuen esperantza izpi bat, eta azken finean aukera gutxi horiei heldu behar genien.

Zer zioen Ilargi Gorriak negoziaketan?
Proposatu ziguten laguntza humanitarioa haiek eramango zutela Gazaraino. Baina, nola ziurtatu hori? Ez genuen inolako bermerik. Gainera, modu horretan laguntza Rafah-raino iritsiko litzateke, baina ez luke muga gurutzatuko, gainerako laguntza humanitario gehienak bezala. Bestalde, gure helburua palestinarrek jasaten duten blokeoa haustea zen, eta horrela ez genuen hori lortuko. Horrenbestez, negoziazio-taldea gu ginen kanpalekura itzuli zen, eta bigarren saiakera prestatu genuen.

Bigarren negoziaketan jada ez zegoen Ilargi Gorria, ezta?
Ez, negoziatzaileek kargu altuko militar oldarkor batekin soilik egin zuten topo, gu bertatik botatzen ahalegindu zena. Baina, hasiera batean, nazioarteko legediak babesten gaitu gu, konboi humanitarioek mugak zeharkatzea baimentzen duelako. Hori ezin du gobernu batek arbitrarioki debekatu, eta ideia horrekin joan ginen negoziatzera. Militarrek, baina, elkarrizketan oso tonu bortitza erabili zuten, eta negoziatzaileei esan zieten hortik alde egiteko, eta Ilargi Gorriak ez zuela laguntzarik inora eramango.

Beraz, ez aurrera eta ez atzera geratu zineten?
Hori da. Bizpahiru egun itxaron genituen hala kanpalekuan, eta orduan erabaki genuen hirugarren saiakerara denok batera joatea konboi modura, ez soilik hamar laguneko talde negoziatzailea. Haftarren gobernuak ere ikusi zezan ez ginela soilik hamar pertsona, baizik eta 250, autobus, kamioi, anbulantzia eta abarrekin.

Ze arrisku izan zitzakeen horrek?
Eremu desmilitarizatua bazen ere, militar armatuak eta frankotiratzaileak agertu ziren. Ez genuen halakorik espero, baina jakinda ze gobernu den eta zenbat jende hiltzen duen… imajinatu genezakeen, baina ez genuen espero. Hala ere, konboiko kide guztiok seguru eta ausart gindoazen.

Zer aurkitu zenuten negoziazio mahaian?
Checkpoint-era hurbiltzen ari ginela, negoziatzaile taldea aurretik zihoan, eta beste guztiok atzean ginen, beraz, ezin izan genuen asko ikusi. Bertan, boikotak jasan genituen, ziurrenik Haftarren gobernuak ordaindutako jendearen partetik. Tentsioa handia zen, parean genituen tankeak eta militarrak. Egoera ikusita, hamar pertsonako talde negoziatzaileak erabaki zuen soilik haiek egingo zutela aurrera. Izan ere, hamar pertsonen erreakzioak kontrolatzea erraza da, baina 250 pertsonenak ez. Urduri jartzeak egoera arriskutsuago bilakatuko luke denontzat, jende armatuaren parean baikinen. Gehienok atzean ginenez, ez ginen kontziente erabaki hori hartu zutela. Walkie-tatik komunikatu ziguten. Beraz, negoziatzaileak elkarrizketetara joan ziren eta gu geldirik geratu ginen, zain. Hori dena zuzenean gertatu zen, Instagramen ikusi daiteke.

Denbora pasatuta, negoziatzaileak ez ziren azaldu. Gauera arte itxoin genuen, eta haietaz ezer jakin gabe Sirte alboko kanpalekura itzuli ginen, itxoiteko. Hor beste hiru egun eman genituen.

Bazenuten negoziatzaileen egoeraren berri?
Ez. Ez genekien ezer ere ez.

Zelan egon zineten zuek?
Egoera politikoa ulertu nahian egon ginen hiru egun horietan. Nahiko zaila egin zitzaigun, ez genuelako Internetera sarbiderik. Hirugarren egunean militarrak etorri ziren guregana, eta biolentzia handia erabilita, handik bota gintuzten: pistolak guri zuzenduta, kolpeekin… baten bat konorterik gabe uzteraino. Kaotikoa, biolentoa eta beldurgarria izan zen.

Iturri ofizialen arabera, mendebaldeko Libiak bidali zituen militar horiek gu mugiarazteko, ekialdeko Libia gu hiltzera etorriko zela argudiatuta. Hori iturri ofizialek esan zuten. Nik ez dakit zer sinistu, auskalo.

Beraz, atzera egin behar izan zenuten…
Hori da. Tripolira bidali gintuzten. Gainera, esan ziguten herrialdetik alde egin behar genuela. Momentu horretan negoziatzaileek hiru egun zeramaten bahituta. Puntu horretan guk ezin genuen gauza handirik egin, diplomazia zen bidea.

Gobernu edo nazioarteko erakundeek salatu al zuten?
Ez.

Egun, zein da hamar lagun horien egoera?
Ekainaren 12an hogei egun bete dituzte pertsona horiek komunikatu gabe. Ez daude kartzela ofizial batean, segurtasun enpresa pribatu antzeko baten esku baizik. Ez dute epaiketarik izan, eta ez dago apenas kontsulaturik ekialdeko Libian. Lehen egunetan ez zuten inolako kontakturik eduki. Behin bakarrik hitz egin ahal izan dute familiarekin, baina gose eta egarri greban jarri zirelako, eta hori bertan behera uztearen truke. Dei horietan beraien egoera “zulo beltza, sufrigaitza eta inhumanoa” dela adierazi dute. Pentsa.

Italiako kontsulatuaren bitartez jakin dute egozten dietela, besteak beste, etorkin ilegalak izatea, legez kanpoko bilera egitea, eta eremu desmilitarizatu batean protesta egitea. Prozesua aurrera doa orain, eta badirudi zertxobait hobeto daudela, higiene aldetik batez ere. Global Sumud Flotillako abokatu bat saiatzen ari da haiekin kontaktua izaten, baina dirudienez bahituak ez daude Haftarren gobernuak publikoki esan zuen espetxean. Hala daude, zer gertatu daitekeen jakin gabe eta etengabeko ezinegonarekin.

Nork egin dezake zerbait?
Gobernuek. Lehenik eta behin Haftarren gobernuak, eta hari eskatu diogu zuzenean atxilotuak askatzeko. Baina gure gobernuak, eta mundu osokoek presioa egin dezakete, baita nazioarteko erakunde eta GKEek ere. Uste dugu leku askotatik egin behar dela presioa, eta gizarte zibilak ezinbesteko papera jokatzen du hor.

Eta nor ari da zerbait egiten?
Martxan dira hainbat iniziatiba. Zenbait herrialdetako 23 pertsona gose greban daude, bahituak askatzeko exijitzen. Horrez gain, hamaika ekimen egiten ari dira toki askotan. Orain garrantzitsuena da gizarteak jakin dezan gertatzen ari dena, zeren eta jendeak ez daki hori guztia! Hori bai, iparra galdu gabe, helburua Palestina jasaten ari den genozidioa gelditzea baita.


2026ko ekainaren 2
Haizea Ziluaga Larreategi, Global Sumud Flotillaren abokatua
“Bingen Zupiria epaitegian deklaratzera deitu beharko lukete”

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...