Apirilaren 30ean Israelgo armadak nazioarteko uretan atzeman eta 180 ekintzaile bahitu zituenetik, Grezian zeuden itsasontziak geldi; bi ekintzaile oraindik Israelen eskuetan daude. Maiatzaren 8an, ostiralez, ekialdera hartu dute bidea Turkian flotillako itsasontzi gehiagorekin batzeko.
Kreta uhartea ofizialki atzean utzi du Global Summud Flotillak, apirilaren 30etik bertan egon ostean. Hurrengo helmuga Marmaris du, Turkia hegoaldean, han itsasontzi gehiago batuko baitira espediziora. Apirilaren 30eko Israelen erasotik astebetera hartu du berriz Gazarako bidea 30 itsasontzitik gorako taldeak, bi kide oraindik bahituta dituztela; Thiago Ávila brasildarra, gose greban, eta Saif Abu Keshek katalan-palestinarra, gose eta egarri greban. Bidean jarraitzeko erabakia, beraz, “pertseberantzia deklarazio erabatekoa” dela adierazi du flotillak eta gogorarazi du bere asmoak bera izaten jarraitzen duela: “Palestinako herria laguntzea askatasunaren eta oinarrizko eskubideen aldeko borrokan”.
Maiatzaren 10 eta 11n elkartuko dira flotillako hurrengo kideak Marmarisen, eta han itxarongo diete gainontzeko itsasontziei; 50 herrialdetik gorako ekintzaileak batuko dira. Baina horra heltzeko nazioarteko urak gurutzatu beharko ditu ontzidiak pare bat orduz, eta hor arazoak izatea aurreikusi daiteke; apirilaren 30ean Israelgo armadak flotilla atzeman zuenean ere nazioarteko urak baitziren, Gazatik 600 itsas miliara. Asteburua heldu orduko horrelakorik gertatu daitekeen ikusteko dago. “Okupazioak itsasontziak, jabetzak eta lagunak kendu ahal dizkigu, baina ezin digu ortzimuga kendu”, aurreratu dute prentsa oharrean.
Bahituak berehala askatzeko deia
Ávila eta Abu Keshekek, bitartean, preso jarraitzen dute; are, Israelgo epaitegi batek uko egin dio biak askatzeko eskaerari. Maiatzaren 10era arte inkomunikatuta izatea baimendu du epaileak, poliziaren "galdeketak" ahalbidetzeko. Flotillak bi presoak “berehala” askatzeko exijitu dio Israeli, eta beren osasun egoera bermatu dezala ere exijitu du, “sufritu dituzten torturen ondoren” –gogorarazi behar da atzeman eta gero askatu zituzten ekintzaileetatik 30 ospitaleratu egin behar izan zituztela izandako zauriengatik–. Hori horrela, flotillako kideen aurka erabilitako indarkeriagatiko “erantzukizuna” exijitu diete Israeli, baita gizateriaren aurkako krimenengatik eta gerra krimenengatik.
Beren kideen askapena soilik ez, Israelek dituen “ia 10.000 bahitu eta preso politiko palestinarrak” askatzea ere jarri du mahai gainean. Horrekin batera, su-eten erreal eta iraunkorra, blokeoaren amaiera eta itsasoan dauden misio zibilen babesa aldarrikatu ditu flotillak.