Asteazken goizaldean Palestinaren aldeko Global Sumud flotillako 180 ekintzaile inguru bahitu eta 22 itsasontzi sabotatu zituen Israelgo armadak. Atxilotuen artean sei euskal herritar zeuden. Ordutik hona gertatutakoa eta nazioarteko ekimenaren aurrera begirako asmoak aletu dizkigu Global Sumud Euskal Herriko kide Ana Ribacoba Menoyok. “Aurrekoekin alderatuta flotilla honen aurkako erasoa jauzi kualitatiboa da”, salatu du.
Nazioarteko ekimenaren euskal delegazioko sei kide atxilotu zituzten erasoan, beste bi uretan noraezean geratu ziren sionistek beren itsasontzia matxuratu ostean eta Open Arms itsasontziak erreskatatu zituen azkenik. Bi euskal herritar –Arantza eta Bego– larunbat gauean heldu ziren Bilboko aireportura. Astelehenean beste lau helduko dira –Salim, Lander, Adur eta Patxi– eta gainontzekoek Greziako Kreta irlan jarraituko dute, Gazara bidea berrartzeko prest.
Atxilotuek bizipen “oso gogorrak” pairatu dituztela azaldu du Ribacobak. Pertsonalki ez dituzte kolpatu edo torturatu, “baina ikusi dute nola kolpatzen zituzten beste kide batzuk, edo entzun dituzte torturatuen oihuak”. Israelgo armadaren itsasontzi militar batean sartu zituzten nazioarteko uretan legez kanpo “bahitutako” ekintzaile guztiak, eta kontatzen dutenez, ia 40 ordu eman zituzten bertan, Kretan askatu zituzten arte. Askatu zituzten ekintzaileak, baina ez denak: Thiago de Ávila eta Saif Abukeshek itsasotzi berean eraman zituzten Israelek Gazako lurralde okupatuetan eraiki duen Shikma espetxera. “Erasoaren helburu nagusia ziren, Global Sumud ekimenaren arduradun gisa hartu dituzte protagonismo publiko handiena beraiek izan dutelako”.
Thiago de Ávila eta Saif Abukeshek arrisku larrian
Igandean deklaratu dute Ávilak eta Abukeshekek epaile aurrean. Momentuz, beste bi egunez espetxeratuta mantentzea erabaki du epaitegiak. Estatuko fiskalak delitu larriak leporatu dizkie, antolakuntzak ohar batean jakinarazi duenez: “Gerra garaian etsaiari laguntzea, atzerriko agente batekin harremanetan jartzea, erakunde terrorista bateko [Hamas] kide izatea eta hari zerbitzuak ematea, eta ondasunak erakunde terrorista bati transferitzea”.
Jarraian, Ávila eta Abukeshek Israelgo epaitegian, igandean.

.jpg)
Akusazio larriak ikusita, alarmak piztu dira Palestinaren aldeko ekintzaileen artean, bereziki Abukeshekengatik. Izan ere, Espainiako eta Suediako pasaportea du Abukeshekek, baina jatorri palestinarra. Ávila, bestalde, Brasilgo herritarra da. Gose greban daude biak, jaso dituzten torturak eta bahiketa salatu eta aske utzi ditzaten exijituz. Ávilak adierazi du ez duela espetxea uzteko asmorik berarekin batera Abukeshek ere ez badute askatzen. Bien askatasuna eskatzeko ekimenak biderkatu dira azken egunotan, eta horretan indarra jartzeko eskatu du Global Sumud flotillaren antolakuntzak.
“Jauzi kualitatiboa izan da”, azaldu du Ribacobak azken flotillaren aurkako eraso sionistaren inguruan. Hainbat arrazoirengatik uste du hori. Batetik, Ávila eta Abukeshek torturatu egin dituzte. Brasilgo enbaxadak ere eman dio sinesgarritasuna salaketari, enbaxadoreak Ávila bisitatu ostean. Bestetik, erasoa Palestinako uretatik 1.100 itsas miliatara egin du Israelgo armadak, nazioarteko uretan eta bere estatu sionistatik inoiz baino urrunago. Erasoaz ohartzean “flotillako itsasontziek laguntza eskaera egin zuten, Greziako kostazainak behartuta zeuden laguntza ematera baina ez zuten egin eta Israelgo indar armatuei nahi zutena egiten utzi zieten”, azaldu du Ribacobak. Greziako Gobernuarena ez ezik Europa Batasunaren “erabateko konplizitatea” salatu du. “Dena den, nolatan harritu, honezkero”.
Flotillaren berrantolaketa
“Pentsatzen dute bi arduradun bahituta ekimenarekin amaituko dutela, baina Palestinaren aldeko borroka ez da amaituko”, dio Ribacobak. Erasoaren unean 58 itsasontzik osatzen zuten flotilla, eta 180 atxilotuez gain, 22 ontzi sabotatu zituzten sionistek. Ribacobak azaldu duenez, gainontzeko itsasontziak eta beren tripulazioa Kretan daude orain, atxilotuetako batzuk ere, eta beste batzuk Turkiara joan dira, bertan baitziren batzekoak itsasontzi gehiago flotillara. Hausnartzen eta berrantolatzen ari direla dio Global Sumud Euskal Herriko kideak: “Flotilla berrantolatzen ari da, ez dugu ekimena bertan behera utzi”.