2026ko apirilaren 15ean - 07:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Bartzelonako portutik atera aitzina, ekitaldi eta jendearengandik pixka bat urruntzeko kafe bat hartzera joan gara. Gure ondoko mahaian zegoen andrearekin kafearen zaporeaz solasten hasi gara: atera aurretik kafea eta azukrearen beharra genuela erran diogu eta berak, hunkituta, itsasontzietan ote goazen galdetu digu. Bere ondoko lagunari ere aurpegia erabat aldatu zaio, bera Gazakoa da eta bost hilabete daramatza Bartzelonan. Espainolez zekizkien hitzekin bere herriaz solasten hasi da, hura ederra zela errepikatzen egon da eta bere Instagrameko argazkiak erakutsi dizkigu. Sare sozialen hizkuntzan egurrezko labetik ateratako sukalkia, taberna dotoreak, etxe politak, bere lagunez inguratutako argazkiak eta gorbatadun trajeak. Nire aurreiritzietatik, dirua zuela iruditu zait eta gerran ere klase sozialak daudenaren pentsamenduarekin elkarrizketatik atera naiz. Gure lurretan noizbait gerra beliko bat lehertzen bada ere, aberatsek baliabide gehiago izanen dute beti bizirik mantentzeko. Erakutsi dizkigun irudiak, Europako bertze edozein leku ziruditen. Gazan ez dela ezer geratu erran digu, ez naiz suntsipen hori gehiago azaltzen ausartu. Bertara iritsi ala ez, mundu honen parte garen guztiak, kartzela edo psikiatrikoak bezala, Gaza pantailarik gabe zuzenean ikusteko zigorra beharko genuke.

Familia, lana, etxea eta lagunak ote genituen galdetu digu; baietz erantzun diogu eta behin eta berriz zergatik joaten ginen galdetu digu. Taldeko bi lagunek erantzunak bere mugikorreko audio bidez grabatu eta, itzulpena entzutean, Gazatarra berriz ere hunkitu da eta egiten ari ginena bihotzez eskertu digu, ekintza babestuz, erabat ulertzen ez duen arren. Europarren bi testigantzekin aski zela iruditu zait eta, horrez gain, ez nuen gogorik mugikor bati solasteko. Orain hemen nago, ordenagailu batekin solasten, flotillako peña bilera batean dagoen bitartean. Antolakuntza ostia hori, gauetan itsasontziak zelatatzeko segurtasun txandak egitera behartzen gaituena (barkuen azpitik buzoek sabotajea egin ahal digutelako) eta, aldi berean, bilera orduetan ez dutena inor jartzen. Edozein borrokako txaleko reflektantedun poliziak ere gorroto ditut.

Ez nuke arma bat nirea ez den herri batean sekula hartuko baina, xehatua dagoen herri batean nire gorputz zuria ezkutu gisa jartzeko aukera hau proposatu zidatenean, birritan pentsatu eta gero, barkuan egon nahi nuela erabaki nuen

Betidanik miretsi izan dut norberarena ez den gerra batera joatearen ekintza, brigadak opor iraultzaileak ez ziren garai horiek. Ez nuke arma bat nirea ez den herri batean sekula hartuko baina, xehatua dagoen herri batean nire gorputz zuria ezkutu gisa jartzeko aukera hau proposatu zidatenean, birritan pentsatu eta gero, barkuan egon nahi nuela erabaki nuen. Aspaldi galdu genuen gure herria baina, gerra horretan egon izan banintz, eskertu izango nuke bertze horietako jendea laguntzera etortzea, besarkada bat ematera bada ere. Gazako lagunaren galderetan izan dut burua, lana, familia, lagunak eta etxea. Ez dago holako ekintza baterako soldatapeko lana uztea bezain gauza askatzaileagorik, alegia, sistemaren lotura nagusienetakoarekin apurtzea. Honen apologia eginen dut beti. Familia eta lagunekin afera aldatzen da, hori bai, hau bezalako ekintza baterako zure jendea utziz gero, inoiz baino gertuago sentituko dituzula sentitu dut erabat. Beti ere, bolada baterako izango den bitartean. Denek behar dugu etxe bat; etxea uztea mierda bat da baina, mundu honetan, etxe bat izateko aberatsa izan behar zarenez (herentziaz jaso ezean), ez da hain larria gure Europako etxea bolada baterako uztea. Bueltan, leku berean eta beti bezain garesti egonen da.

Desobedientzia deserosoa da, borroka deserosoa da, nahiko nuke bilera, manifa eta Instagramen bitarteko erosotasunean mundu ustel hau aldatzea; ordea, isunak, kartzela eta zure bizitza arriskuan jartzeko deserosotasunera hurbildu gabeko ekintzetan, sistema eta agintariak eroso egonen dira beti. Akaso ez dut ezer aldatuko barkito honetan Mediterraneoa kontrako norantzan zeharkatzeagatik, baina genozidio eta lur hauen inbasioa sostengatzen ari diren agintariei, pixka bat bada ere, molestatzea lortzen badut, kontent bueltatuko naiz Euskal Herrira.


2026ko maiatzaren 7
LEKUKOTASUNA | Sonia Bego, Global Sumud Flotillako euskal ekintzailea
"Kontainer batera sartzeko agindu zidaten; hori zen barkuko kartzelarako sarbidea"

2026ko maiatzaren 4
Ana Ribacoba Menoyo (Global Sumud flotilla Euskal Herria)
“Flotilla berrantolatzen ari da, ez dugu ekimena bertan behera utzi”

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.