Igande eguerdian irten dira Global Sumud Flotillako 70 itsasontzi eta 1.000 ekintzaile baino gehiago Bartzelonatik, Gaza helburu. Hilabeteak dira orain arteko ontzidirik handienerako prestaketak hasi zituztela, azken asteetan jakin da Open Arms eta Greenpeace elkartearen Artic Sunrise itsasontziak ere batu direla Palestinaren aldeko ekimen desobedientera, eta larunbatean Amnesty International erakundeak munduko estatuei eskatu die bermatu dezatela parte hartzaileen segurtasuna. Lurretik bi konboi ere abiatuko dira, bata Afrikako iparraldetik, bestea Asiatik, "Israelgo blokeo ilegala lurretik apurtzeko".
Milaka parte hartzaileen artean hamasei izango dira euskal herritarrak, eta euskal delagazioko kide Nerea Etxeberria Aizpururekin hitz egin du ARGIAk.
Asteak daramatzazue bidaia prestatzen, eta laster abiatuko zarete. Ze giro, ze aldarte da nagusi euskal delegazioko kideen artean?
Abiatzeko gogoz gaude. Bartzelonatik irten dira batzuk, bidean Marseillatik (Frantzia) eta Italiako portuetatik flotillara batuko dira itsasontzi eta pertsona gehiago, eta azkenik Turkian hezkuntzako eta osasungintzako langileak elkartuko dira. Azken txanpa hori guztiok batera egingo dugu. Indartsu gaude, helburua argi dugu eta lortzeko asmoz goaz.
Turkia bilgune garrantzitsua izango dela diozu. Aurreko ekimenetan oztopoak edo debekuak jarri ditu, berdina gertatu daiteke?
Turkiarekin ez dago jakiterik. Beste batzuetan ez du baimenik eman ateratzeko, baina beno, kontuan hartuta hemendik egin diren kontaktuak, eta bertako GKE Gobernuz Kanpoko Erakunde esanguratsu batzuk flotilla honen alde daudela, pentsatzen dugu aukera izango dugula ateratzeko.
Helburuetako bat blokeoa fisikoki apurtu eta Gazan sartzea da, baina gehiago ere aipatu dituzue. Zeintzuk dira?
Lehena hori, blokeoa apurtzea; zeharkatuko dugun itsasoa Palestinarena da, eta bere eskubidea da gu pasatzen garen edo ez erabakitzea, ez Israelena. Horrez gain, gobernuen eta enpresen hipokrisia salatu nahi dugu, eta presioa egin Palestinaren alde eta genozidioaren kontra. Eusko Jaurlaritzatik hasita, Israelgo enpresekin armagintzan edo beste sektore batzuetan lan egiten duten euskal enpresei dirulaguntzak ematen baitizkie. Azken batean genozidioarekin amaitzea aldarrikatzen dugu, zeren eta [2025eko urriko] itun faltsu hura eta gero ere, modu batera edo bestera, genozidioa ez da gelditu.
Hain zuzen ere, apirilaren 10ean bete dira sei hilabete su-etena formalki indarrean dela, eta nazioarteko GKEk salatu dute Israelek akordioak bete gabe jarraitzen duela, goseteak dirauela, urte erdi honetan milaka direla hildakoak eta milioika desplazatuta jarraitzen dutenak... Hala eta guztiz ere, ematen du Palestinak komunikabideen arreta gutxiago jasotzen duela, eta kalean mobilizazioak apaldu direla.
Bai, eta hori berpiztea ere bada asmoa, jakina, aurreko flotillak egin zuen moduan. Palestinaren alde borrokan ari diren pertsona guztien artean gauzak egitea eta jendeari gogoraraztea arazoak hor jarraitzen dutela. Gainera, gerra eta fokua zabaldu egin da beste lurralde batzuetara ere bai: Libano, Iran, Kuba... Gerra eta eraso horiek guztiak ere salatzen ari gara, baina Palestina ez dugu ahaztu behar.
Azken flotillak oihartzun mediatiko izugarria lortu zuen, eta mobilizazioak ere piztu zituen. Hala eta guztiz ere, errepresioarekin gelditu zuen Israelek, ontziak abordatu, ekintzaileak atxilotu eta preso sartu zituen, tartean euskal herritarrak. Ikusita Palestinako egoera funtsean ez dela aldatu, eta gainera, gerra egoera zabaldu egin dela Iranera eta Libanora, nola uste duzue jokatu dezakeela Israelek?
Errepresioa eta arriskua hor daude. Baina ez dugu ahaztu behar errepresioa Euskal Herrian ere badugula. Adibidez, Espainiako txirrindularitza lasterketan egindako protestak direla eta hainbat ekintzaile isunak jasotzen ari dira. Edota hiru pertsona ere deitu gaituzte epailearen aurrean deklaratzera, Bilboko protesta batean tranbia bat gelditu genuelako. Tranbia hori egiten dituen enpresa genozidioaren konplizea delako egin genuen ekintza.
Euskal Herritik autobusak joan dira Bartzelonara ekimenari babesa agertzeko, zer egin duzue?
Autobusak larunbat goizean irten ziren, arratsaldean heldu eta gaua polikiroldegi batean eman dute. Igande goizean 11:30tan Colon plazan elkartu gara, Palestinako ikurrekin eta ikurrinekin manifestazioan joan gara porturaino, aurreskua dantzatu, eta beste herri guztietako jendearekin elkartu gara.
Itsasontzien irteera unean portura hurbiltzera deitu du antolakuntzak, nolakoa izan da momentua?
Ikusgarria eta hunkigarria izan da. Jende asko batu da, eta giro oso polita egon da. Ea helburuak lortzen ditugun. Gora Palestina askatuta, eta gora Euskal Herria libre!
* Ontziak itsasoratu eta ordu batzuetara ekaitz indartsuak iragarri dira bidean, eta flotilla esperoan geratu da arriskua pasatu arte Bartzelonako ondoko portu batean.