Flavio Bolsonarok Lula da Silva aurreratu du Brasilgo hauteskunde presidentzialen lehenengo itzulian

  • Igandean egindako hauteskundeetan, PL Alderdi Liberaleko hautagai ultraeskuindarrak botoen %47,03a lortu du, eta PT Langileen Alderdiko hautagai aurrerakoiak, berriz, botoen %45,16a. Biak urriaren 25ean egingo den bigarren itzulian lehiatzera behartuta daude, inork ez baitu bozken erdia eskuratzea lortu.


2026ko urriaren 5 - 11:07
Azken eguneraketa: 2026-10-07 10:48
Flavio Bolsonaro hauteskunde kanpaina amaieran Charles Vieira/Divulgação Campanha Flávio Bolsonaro
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Brasilgo hauteskunde orokorren lehenengo itzulia ez da erabakigarria izan, eta norgehiagoka inoiz baino estuago dago. Luiz Inácio da Silva Lulak Bolsonarotarren hurrengo belaunaldiko Flavio Bolsonaro izan du aurkari, Jair Bolsonaro ultraeskuindarraren seme nagusia, eta honek lehia zaildu dio buruzagi aurrerakoiari. Alderdi Liberalak 56,1 milioi boto lortu ditu, eta Langileen Alderdiak, berriz, 53,8 milioi. Hortaz, alderdi ultraeskuindarrak Lulak baino 2,3 milioi bozka gehiago eskuratu ditu. Abstentzioa %21ekoa izan da, 1998ko hauteskunde orokorrez geroztik handiena, Brasilen bozka ematea derrigorrezkoa izan arren.

Lulak -Brasilgo presidente hiru aldiz izandakoa, 2003tik 2011ra, eta 2023an kargua berrartutakoa- bere laugarren agintaldia eskuratu nahi du. Hala ere, 2023. urtetik %2tik gorako hazkunde ekonomikoa, langabezia inoizko maila baxuenetan mantentzea eta soldaten igoera handia lortu dituen arren, hautagai ultraliberalak 2022an bere aitak lehen itzulian lortutakoa baino bost milioi bozka gehiago bereganatu ditu, inoiz izandako alde txikiena hautagaien artean.

Bozken %92,19a Bolsonarok eta Lulak eskuratu dute, eta gainontzeko hautagaiak lehiatik kanpo geratu dira. Horien artean daude Alderdi zentristako Augusto Cury psikiatra eta idazlea (%2,89), Missao alderdi ultrako Renan Santos (% 2,24), Ronaldo Caiado Goiaseko gobernadore kontserbadore ohia (%2,18) eta PSD Alderdi Sozialdemokratako Romeu Zema Geraiseko gobernadore liberal ohia (%0,27), besteak beste. Bigarren itzulian botoa nori emango dioten erabakitzeak funtsezko garrantzia izango du, nahiz eta gehienek ez duten argitu noren alde egingo duten.

Hauteskundeen emaitzak jakin berri, Bolsonaro oso pozik agertu da, eta “demokrazia” defendatzen duen gobernu bat osatzeko grina mahaigaineratu du konfiantza erakutsi diotenen aurrean. Izan ere, Brasilek “aldaketa nahi duela” azpimarratu du, eta segurtasun-arloan aurreikusten ditu bere lehenengo neurriak. Zehazki, Bukeleren ereduari jarraituz, kartzelen eraikuntza, adin penalaren jaitsiera eta kastrazio kimikoa proposatu ditu, “beldurrik gabeko” Brasil bat eraikitzeko bidean. Latinoamerikako buruzagi ultraeskuindarren zoriontze-mezuak jaso ditu, Javier Mileik, besteak beste, “komunismoaren aurkako” eta “askatasunaren aldeko” garaipena lortu duela jakanarazi du X sare sozialaren bidez.

Bestetik, Lulak ez du ezer galdutzat eman, eta Bolsonarok ekar dezakeen “ziurgabetasunaren” aurrean prestutasuna erakutsi du. Izan ere, “ustekabeko” emaitzak izan direla aitortu du, garaipena lehenengo itzulian espero baitzuen. Hala ere, gaurtik aurrera “beste kanpaina bat hasten dela” adierazi du, ultraeskuina gelditzeko abstentzioaren bozkara jo beharko duenaz jabetuta.


Irakurri gehiago: Brasil Nazioartea Amerika
Brasil kanalean gehiago
2026ko urriaren 28
Goizean argi
Segi, ba

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.