Zizurreko irakasle ohiaren bertsioa gezurtatu du Foruzaingoak

  • Emakumeak komun eta aldageletan grabatu eta 30 bat ikasleren argazkiak deskargatu zituen Zizur BHI ikastetxeko irakasle ohia epaitu dute Nafarroako Justizia Jauregian. Nafarroako Fiskaltzak 180 urteko kartzela-zigor eskaerari eutsi dio, eta foruzainek akusatuaren bertsioa gezurtatu dute.

     


2026ko martxoaren 26an - 09:36
Azken eguneraketa: 11:54
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Epaiketaren azken egunean, zeina ateak itxita egin den, akusatuaren etxebizitzan aurkitu dituzten gailuetako materialari (argazki edota bideoak) buruzko azalpenak eman dituzte foruzainek. Auzipetuak dio argazkiak masiboki eta nor agertzen zen begiratu gabe deskargatzen zituela, eta ostean materiala ezabatzen zuela. Poliziek, ordea, deskargak modu horretan eginez gero gailuak blokeatuko liratekeela adierazi dute –hartuko luketen espazioagatik, besteak beste–, eta gaineratu dute irudietako asko ez zeudela ezabatuta, Diario de Noticias egunkariak jaso duenez. Ustez, beraz, akusatuak argazkiak eta biktimak aurrez aukeratu eta adingabeen irudi intimoenak hartzen zituen –haien baimenik gabe, gako informatikoak lortuta–, eta, gainera, adimen artifizialaren bidez biluztu egiten zituen. Akusatuak ukatu egin du hori.

Nafarroako Fiskaltzak, bestalde, bere eskaerari eutsi dio: 180 urteko kartzela-zigorra eskatu du akusatuaren kontra, emakumeak komunetan eta probalekuetan grabatzea eta 30 bat ikasleren argazkiak deskargatzea egotzita. Guztira 42 dira biktimak. Tartean dira 25 neska adingabe. Haien sare sozialetako gakoak eskuratzea leporatzen diote, argazki intimoak deskargatu eta adimen artifiziala baliatuta manipulatzeko, irudiei "kutsu sexuala" emateko. Akusatuak azaldu du tarteka ordenagailua gelara eramatea ahazten zitzaiela ikasleei, eta hark uzten ziela berea orduan. Lanak amaitzean, ikasleek –guztiak emakumezkoak dira– euren kontuak irekita uzten zituztela dio, eta irudiak masiboki deskargatzen zituela, ondoren ezabatzeko, sexu-esferako bulkadak ezin kontrolatuta.

Biktimek, baina, haren bertsioa gezurtatu dute. Ukatu egin dute, adibidez, haien kontuak garai hartan irakasle zutenaren ordenagailuan irekita uztea, hari kodeak ematea edota kontuetara sartzeko baimena ematea.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Sexu Erasoak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.