FIPA Biarritzeko nazioarteko ikus-entzunezko telebista saioen jaialdiak 26. edizioa hasiko du gaur. Hilaren 27ra bitarte, telesailak, dokumentalak, pelikulak... guztira 381 lan ikusi ahal izango dira eta horietatik 54k hartuko dute parte lehiaketa ofizialean.
Gaur 19:45ean, Gare du Midin abiatuko da jaialdia, Jacques Royer frantziarraren La jeunesse a-t-elle une historie? filmarekin. Euskal ekoizpenik ere izango da egunotan, tartean hiru dokumental: Oskar Alegria zuzendari iruindarraren Emak Bakia Baita, polemika piztu duen Barrura begiratzeko leihoak eta Ramuntxo Garbisuren Sur les pas de Jakes, Jakes Abeberriri buruz.
Zuzendaritza aldatu dute aurten: Didier Decoin da presidente berria eta François Sauvagnargues ordezkari nagusia. Edukiari dagokionez, Smart Fipa atala da berrikuntza aipagarriena: transmediari eskainitako eremua izango da berau.
Agur esatea, gerrako haurrez
To say Goodbye animaziozko filma Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten, joan den irailean. Atzo, Tolosako Leidor aretoan euskarazko bertsioaren aurre-estreinaldia eskaini zuten: Agur esatea. 1937an Britainia Handira ihes egin behar izan zuten Euskal Herriko ia 4.000 haurren historia kontatzen da bertan, teknika berritzaileenak erabiliz. Matt Richards zuzendari britainiarrak zuzendu du lana eta gidoia Izaskun Arandiarekin batera egin du.
Ofizialki, otsailaren 8an estreinatuko da pelikula, Gernikan.