Blues musika eta musikariak beti triste, malenkoniatsu, daudela dirudi. Abestien letretatik harago ere, musika bera goibel aurkezten da askotan. Badirudi, era berean, goibeltasun horretatik bizi direla blueseko musikariak, beren existentzia tristeziak definitzen duela, alegia. The loneliest man in town (Herriko gizonik bakartiena) bluesaren eta sentimendu horren gorazarrea egiten duen film xumea da, Tizza Covik zuzendu eta idatzia. Fikziozko dokumentala, Al Cook musikari austriarraren bizitza kontatzen duena, Al Cook berak antzeztuta.
Sinopsia irakurri nuenean, herriko gizon bakartiena etxegabetu egiten zutela aipatzen zuen, eta uste nuen etxegabetzeei buruzko lana izango zela, baina ez da hala. Lan sozialago baten bila ari nintzen, baina ez da ildo horretako pelikula. Istorioaren hasieran, eraikuntza enpresa batek Al Cook bizi den etxe blokea erosi du. Bere bizilagun guztiak aspaldi joanak dira beste etxe batera, enpresak eskainitako dirua jasota. Baina Alek bizi osoa etxe horretan eman du, eta blokean du bere grabaketa estudio zaharra ere, eta ez du alde egin nahi.
Enpresak presio egin dio, argia eta ura kenduz, mehatxuak eginez eta beste hainbat estrategia mafiosoz baliatuta. Azkenean, Alek amore eman du, eta bere gauzekin zer egin ez duenez eta jadanik zaharra izanik, guztia salduko du, bere gaztetako ametsa betetzeko: AEBetara joatea. Horiek horrela, bere bizitzaren errepaso motel eta goibela izango da pelikula, baina baita lasaia ere: Alek beste era batera ikusten du bizitza, jada bizi izan baitu bizi izan beharrekoa, eta ez du kezka handirik erakusten. Niri, hala ere, estutasuna sortu didan egoera izan da, oraindik gaztea naizelako-edo.
Dokumental polita da, bizitzari geldo begiratzen diona; Al bera, adinagatik, motel ibili eta mugitzen da, bere erritmoan. Gitarra ere ez du lehen bezain azkar eta ondo jotzen, baina adinak ez dio eragotziko disko berri bat grabatzea, bere uneko bizipenak kontatzeko: batzuetan baditu zantzu optimistak. Hala ere, esan bezala, bluesaren tristezia martiriotsuaren kutsua dauka filmak ia une oro, apur bat nekagarria, baina baita sinesgarria ere.